2025-2030 Mugiment Ekintza Planaren bidez Eusko Jaurlaritzak Jarduera Fisikoaren sustapena bultzatu nahi du

0

“Legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Programako ardatzetako bat, lehena, pertsonak erdigunean jartzea eta euskal gizartean ongizatean haztea da. Izan ere, erronka demografiko bati aurre egin behar diogu: gizartearen bizi-itxaropena handitzeak biztanleriaren adinekoen proportzioa handitzea ekarri du eta lehentasunezko erronka izango da zahartzarora ahalik eta osasuntsuen eta bizi-kalitate altuenarekin iristea. Helburu hori lortzeko bidean, gaur aurkezten dugun 2025-2030: Mugiment Ekintza Plana osatu dugu, gure gizartearen ongizate integralerako eta euskal-komunitate osasuntsuago baterako tresna izango den plana”. Hala adierazi du Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Lehendakariordeak agerraldia egin du hedabideen aurrean Ekintza Planaren lehen aurkezpena egiteko eta datozen hilabeteetan hori indartzeko emango diren pausuen berri emateko.

Bengoetxeak azaldu duenez, Mugiment Ekintza Planak herritarren jarduera fisikoaren maila hobetzen lagundu nahi du, eta duela urte batzuetatik hona egiten ari den bidean urrats berri gisa ulertu behar da. “Ekintzetan aurrerapausoak emateko unean gaude eta zazpi izan dira plana osatzeko euskarri nagusiak:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legeak hala zehazten duelako;
  2. Nazioarteko bi helbururekin bat egingo duelako (Osasunaren Mundu Erakundearen Global Action Plan on Physical Activity – GAPPArekin eta One Health edo ‘osasun bakarra’ kontzeptuarekin);
  3. Euskal Autonomia Erkidegoan egindako ibilbide historikoagatik Jarduera Fisikoaren sustapenean;
  4. Gure Gobernu Programako konpromiso bat delako plana osatzea;
  5. Osasunaren Euskal Itunaren baitan prebentziorako politikak eta ohitura osasuntsuak sustatzeko helburua jasotzen delako;
  6. Europar Batasunak kirolerako duen 2024-2027 planak lehentasuntzat hartzen duelako jarduera fisikoa osasuna hobetzeko;
  7. Tokiko eta nazioarteko marko estrategikoarekin bat egiteko, sedentarismoaren eta jarduera fisiko ezaren aurka egiteko”.

Euskarri horiek planaren testuinguru nagusia direla azpimarratu du sailburuak, eta, hori oinarri hartuta, Ekintza planaren helburua edo misioa honela definitu dutela adierazi du: “Pertsona orok bizitza aktiboa izatea ahalbidetzen duten ingurune seguru eta egokiez, eta aukera ezberdinez gozatu ahal izango duela bermatzea, norbanakoen zein komunitatearen osasuna hobetzeko eta Euskadiko garapen sozial, kultural eta ekonomikoan laguntzeko”.

Aurreko guztia kontuan hartuta, planaren leloak GAPPAk proposatutakoa (More active people for a healthier world – Jende aktiboagoa mundu osasuntsuago baten alde) eta Euskadi 2030 Osasun Planak proposatutakoa (Euskadi osasungarriagoa) jasotzen dituela azaldu du Bengoetxeak: “Pertsona aktibo gehiago Euskadi osasuntsuagorako”.

Hori da planaren bisio nagusia. Eta bisio honen barruan, zazpi dira printzipio gidariak: Giza eskubideen ikuspegia; Ekitatea bizitza osoan; Ebidentzian oinarritutako jarduna; Unibertsaltasun proportzionala; Politika-koherentzia eta osasuna politika guztietan; Agintari, gizarte, familia eta komunitateak inplikatzea eta ahalduntzea; eta Sektore anitzeko lankidetzak”.

Metodologia partehartzailea plan irekia eta dinamiko baterako

Mugiment Ekintza Plana Eusko Jaurlaritzako proiektu gisa ulertu behar dela zehaztu du Bengoetxeak, pertsonen ongizatea zeharkako gai bat delako eta sail guztiak bustitzen dituelako; hainbat arloetako ekarpenek plana, aberasten, zabaltzen eta indartzen dute. Hala, planaren metodologia guztiz partehartzailea eta dinamikoa dela azpimarratu du sailburuak eta, beraz, EAEko jarduera fisikoaren sustatzaile guztiak gonbidatuko dira Mugiment Ekintza Planean parte hartzera, bereziki, Jarduera Fisikoaren Legeak esleitutako aginduak dituztenei.

Hori horrela, Bengoetxeak adierazi du planaren hurrengo pausuak, honakoak direla: “Lehen fasea etxe barrukoa izan da, hau da, Eusko Jaurlaritzako sailekin landu dugu plana eta ekarpenak, proposamenak, konpromisoak eta ekintzak jaso ditugu. Gaur, Gobernu Kontseiluan emaitzaren berri eman diet Gobernuko kideei. Datozen egunetan Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dugu plana, xehetasun guztiak emateko eta ekarpenak jasotzeko; agerraldia eskatu dugu jada. Era berean, Mugiment Mahaia osatzen duten Udal, Aldundi eta arloko eragileekin lan-saio bat antolatuko dugu eta bertan ere planaren xehetasunak azalduko ditugu eta ekarpenak jasotzeko epea zabalduko dugu”.

Horretaz gain, plana gardena dela azpimarratu du sailburuak. Planak jasotzen dituen ekintza-konpromisoak ikusteko aukera egongo dela azaldu du, horretarako egokitu den webgunean. Bertan konpromiso bilatzaile bat eskuragarri izango da, aplikazio baten bidez eta bilatzaile horrek hainbat eremu jasoko ditu: konpromisoa, arduradunak, hartzaileak, Legearen neurriekiko harremana, GAPPAren neurriekiko harremana, gauzatze-epea, eremu geografikoa, aurrekontua, ebaluazio-adierazlea, helmuga, betetze maila eta informazio gehigarria.

Gainera, aukera izango da 2030era bitartean konpromiso eta sustatzaile berriak sartzeko planean, prozesua irekia izango baita. Horretarako, metodologiaren nondik norakoak beste administrazio eta erakundeetara zabalduko da, eta konpromisoen bilatzailea elikatzen joango da sustatzaile horiek neurri berriak onartzen dituzten heinean.