Amaia Barredo, Donostiako GOe-Gastronomy Open Ecosystem-en lanak bisitatzen: urrian hasiko dira jarduerak

0

Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak gaur goizean aipatu duenez, “Eusko Jaurlaritzan EDA Drinks & Wine Campusekin batera garatzen dugun −eta laster, elikadura osasungarri eta jasangarria sustatzeko, hemen, Donostiako Gros auzoan, GOe-Gastronomy Open Ecosystemen, ugarituko den− berrikuntza- eta ikerketa-lerroa aurrerapen handia izango da lehen sektorearen garapenean, Gipuzkoan eta Euskadi osoan”.

Eneko Goia Donostiako alkateak, Eider Mendoza Gipuzkoako foru-diputatuak, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak GOeren jarduera zabaltzeko izango diren espazioak bisitatu dituzte gaur goizean Donostiako Nafarroa Etorbidean. Bisitariek laborategiak, sukaldeak eta auditorioa, coworking guneak eta herritarren jardueretarako gelak ikusi dituzte.

“Ekimen honetara 19 milioi euro bideratu ditugu Lakuatik, eta jarduera ekonomiko eta gazteentzat enplegu espezializatu gehiago ekarriko du, bai eta Euskadi nazioartean erreferentzia izatea ere elikaduraren sektorean. Hori guztia Eusko Jaurlaritzatik sustatzen eta aktibatzen ari garen erakundeen eta enpresen arteko ezinbesteko lankidetzaren barruan”, adierazi du Amaia Barredok.

Barredok azpimarratu duenez, “Donostia eta Gipuzkoa nazioarteko erreferentzia dira gastronomiaren arloan, Bilbo eta Bizkaia eta Gasteiz eta Araba bezala. Gure herri osoa da nazioarteko erreferentzia. Garrantzitsua da geldirik ez geratzea eta aurrea hartzea: espazio eta ekimen berriak sustatzea, talentua erakarriko duen eta mundu osoan gastronomiari eta elikadurari buruzko ezagutza sortuko duen GOeren etorkizuneko egoitza hau bezala”.

“Miramonen −zehaztu du Amaia Barredo sailburuak− beste erreferentzia bat ere badugu, Basque Culinary Centre, eta laster Guardian eta Gasteizen EDA Drinks & Wine Campusen egoitzak izango ditugu. GOeko gela eta areto horietan egiten den jardueraz gain, jarduera ekonomiko gehiago sortuko da hiriko gainerako tokietan, eta bertako irakasleek eta ikasleek eta zikloetara joaten direnek eta kualifikazio handiko pertsonek kultur erreferentzia nagusiak bisitatuko dituzte. GOek ezagutza, berrikuntza eta talentua ekarriko ditu, berrikuntza bultzatzeko bere programekin”.

“GOe errealitatea da, gero eta argiago eta hurbilago dagoena”, adierazi du Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak, proiektua sustatu duten erakundeetako ordezkariekin GOe  Gastronomy Open Ecosystemen obretara egindako bisitan. Aizegak adierazi duenez, GOek urrian irekiko ditu ateak, prestakuntza espezializatuarekin, ikerketa eta berrikuntza gastronomikoarekin, ekintzaileei laguntzeko programekin eta herritarrentzako jarduera-programa zabal batekin lotutako jarduerekin.

Eraikuntza-prozesua aurreikusitako exekuzio-planaren arabera garatzen ari da. Eraikinaren agitura amaitu ondoren, eraikin barruko lanak egingo dira, hau da, instalazioak itxi, zatitu eta akaberak eman. Kanpoaldean, berriz, lorategi-estalkiak eta fatxada egingo dira. Aldi berean, azken faseari ekingo zaio, eraikinaren barrualdea eta kanpoaldea erabat amaitzeko, instalazio eta akabera guztiak barne.

Prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza gastronomikoa

GOe prestakuntza-espezializaturako, ikerketarako eta berrikuntza gastronomikorako diseinatutako gunea da: ikerketako eta prestakuntzako zortzi sukalde, analisi sentsorialeko gela, hamar laborategi, sormen-gune bat, ikus-entzunezko produkzio-estudio bat, 1000 m2-ko azalera duten 2 coworking gune, enpresentzako espazioak, ikasgela eta sukaldeak, erabilera anitzekoak, 200 pertsona baino gehiagorako edukiera duen auditorio bat, esperimentatzeko eta testatzeko jatetxe bat eta kantina bat izango ditu.

Basque Culinary Centerren proiektu estrategikoetako bat da GOe, eta bere helburua da gastronomiaren esparrutik, talentuaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren bidez, eta erakunde publikoekin eta enpresa pribatuekin lankidetza estuan, elikadura zaporetsua, osasungarria eta jasangarria sustatzea.

Eraikinak ezagutzaren, berrikuntzaren eta talentuaren komunitate global bat osatuko du, eta barne hartuko ditu Gastronomiako Zentro Teknologikoaren ikerketa- eta berrikuntza-jarduera, berrikuntza sustatzeko eta ekintzaileei laguntzeko programak, masterren eta etengabeko prestakuntzaren eskaintza espezializatua, erreferentziako ekitaldiak eta topaketak eta bertako ikerketa- eta berrikuntza-prozesuetan eta kultura gastronomikoaren sustapenean herritarrak integratzea.