Lurralde Kohesiorako Departamentuak gaur lizitaziora atera ditu Irurtzungo Kontserbazio Zentroko autobiak eta errepideak mantentzeko 36 milioi euroko bi kontratuak (BEZa barne), aurtengo abenduaren 1etik 2029ko azaroaren 30era bitarteko epearekin.
Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak adierazi duenez, kontratu horietako bat, 17,2 milioi eurokoa, Irurtzungo Kontserbazio Zentroko A-15 (Nafarroako Autobia), A-10 (Barrankako Autobia) eta A-1 (Iparraldeko Autobia) autobien kontserbazio integralean oinarrituko da.
Kontratuetako bigarrena 18,8 milioi eurokoa da, eta Irurtzungo Kontserbazio Zentroaren mende dauden bideak zaintzeko lanei aurre egingo die, autobiak izan ezik.
Gaur lizitatutako bi kontratuen azken helburua da beharrezko lanei ekitea, baldintza ezin hobeetan ego behar duten azpiegiturei bide-, segurtasun- eta erosotasun-mailei eusteko. Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Chivitek nabarmendu duenez, “errepideen kontserbazioaren kudeaketa egokiak eragin zuzena du erabiltzaileen segurtasunean, zerbitzuaren kalitatean eta bide-azpiegituren luzaroko iraunkortasunean”.
Egingo diren lanen artean, kontserbazio arrunteko eta bideetako jarduerak sartzen dira, esaterako galtzadak eta bazterbideak, arekak eta ertzak garbitzea, belar-sastrakak garbitzea, mozketak eta inausketak egitea, balizak eta seinaleak konpontzea edo segurtasun-hesi berriak jartzea. Atal honetan arreta berezia jarri behar da neguko bidezaintza-planari buruzko mantentze-lanetan, bai gatza zabaltzeko prebentzio lanei dagokienez, bai elurra kentzeari dagokionez.
Gainera, kontratuek aparteko jarduerak aurreikusten dituzte, besteak beste, asfaltozko aglomeratua zabaltzea, itxitura, hesiak lehengoratzea, ezpondak babesteko sareak jartzea, segurtasun-hesiak jartzea edo altxatzea, banderatxoak jartzea, zubi-junturak konpontzea, seinale horizontalak edo bertikalak berritzea, bazterbideak edo erreiak eraikitzea eta bide-ertzeko belar-sastrakak kentzea.
Beren izaera dela-eta bideetako ohiko eta ezohiko jarduketetan sartu ezin diren lanak, esaterako trafikoa desbideratzera eta presaz lekualdatzen diren makineria berezia erabiltzera behartzen duten errepideen mozketa garrantzitsuak, obren hondoratzeak edo premiazko konponketa garrantzitsuak, kontratuetan sartuko dira, eta administrazioak eskatuta egingo dira.
Nafarroako Errepide Sareak 3.920 kilometroko luzera du, eta hor daude 431,9 kilometro autobide, autobia, bide bikoitz eta prestazio handiko errepideak, eta 3.488 kilometro interes orokorreko errepide arruntak, komunitatearentzat interesgarriak direnak eta tokiko bideak.
Dare hori Nafarroako Foru Komunitateko bide-sare osoa mantentzeaz arduratzen diren zazpi kontserbazio-zentrok kudeatzen dute: Agoitz, Lizarra, Irurtzun, Mugairi, Iruña, Tafalla eta Tutera.