Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Bilboko Udalaren mendeko Bilboko Udal Etxebizitzak erakunde autonomoari zuzeneko dirulaguntza bat ematea onartu du, alokairu babestu eskuragarrira bideratutako 92 zuzkidura-bizitokiren sustapena bultzatzeko. Neurri hori Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak errentamendu-erregimeneko etxebizitza-parke publikoa handitzeko landutako estrategiaren barruan dago, eta Europako finantzaketa jasotzen du Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bitartez (NextGenerationEU).
Diruz lagundutako jarduketa —dagoeneko abian dagoena— energetikoki efizienteak diren eraikinetan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzen laguntzeko 6. programaren barruan hautatu dute. Programa horrek Europako funtsen finantzaketa jasotzen du, eta etxebizitza eskuragarri eta jasangarriaren eskaintza handitzea du lehentasunezko helburu. Zuzeneko emakida efizientzia-arrazoiengatik eta jarduketaren interes publiko, sozial eta ekonomikoagatik justifikatzen da. Emakida, gainera, Bitariko Batzordearen 2024ko ekainaren 10eko 13 zenbakiko Erabakian bermatu da. Erabaki horretan, Euskadik sustapen hori sartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan guztira 478 etxebizitza babestu eraikitzeko zazpi jarduketa berrien artean.
Dirulaguntza berriak indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak Euskadin Suspertze Plana abiarazteko duen konpromisoa, eta jarraitutasuna ematen die azken urteetan Bilbon etxebizitzaren arloan egindako jarduketei.