Bilboko alokairu eskuragarria bultzatu da Udal Etxebizitzak erakundeari 92 zuzkidura-bizitoki sustatzeko zuzeneko dirulaguntza berri bat ematearen bidez

0

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Bilboko Udalaren mendeko Bilboko Udal Etxebizitzak erakunde autonomoari zuzeneko dirulaguntza bat ematea onartu du gaur, alokairu babestu eskuragarrira bideratutako 92 zuzkidura-bizitokiren sustapena babesteko. Erabaki hori Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak errentamendu-erregimeneko etxebizitza-parke publikoa handitzeko landutako estrategiaren barruan dago, eta, gainera, Europako finantzaketa jasotzen du, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bitartez (NextGenerationEU).

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok neurri horren garrantzia azpimarratu du: “Erabaki horrekin, beste urrats bat egin dugu erakunde arteko lankidetzaren euskal eredua finkatzeko bidean, etxebizitza duina, efizientea eta eskuragarria lortzeko aukera bermatzeko. Sustapen honek indartu egiten du Bilboko etxebizitza-eskaintza handitzeko dugun posizioa, eta agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak herritarrekin duen konpromisoa».

Diruz lagundutako jarduera —dagoeneko abian dagoena— energetikoki efizienteak diren eraikinetan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzen laguntzeko 6. programaren barruan hautatu dute. Programa horrek Europako Nex Generation funtsen finantzaketa jasotzen du, eta alokairuko etxebizitza eskuragarri eta jasangarriaren eskaintza handitzea du lehentasunezko helburu. Zuzeneko emakida efizientzia-arrazoiengatik justifikatzen da, baita jarduketaren interes publiko, sozial eta ekonomikoagatik ere, eta Bitariko Batzordearen 2024ko ekainaren 10eko 13 zenbakiko Erabakian bermatu da. Erabaki horretan, Euskadik sustapen hori sartu zuen Euskadin guztira 478 etxebizitza babestu eraikitzeko zazpi jarduketa berrien artean.

Itxasok nabarmendu duenez, «horrelako erabakiek, premiazko gizarte-behar bati ez ezik, etxebizitza-parke publiko efizientea eta prezio egokikoa finkatzeko plangintza estrategiko bati ere erantzuten dio. Plangintza horrek kolektibo kalteberek zein erdi-mailako klaseek etxebizitza lortzeko aukera erraztuko du». Sailburuak gogorarazi du Sailak «lankidetza publiko-pribatuko ereduen» alde egiten jarraitzen duela, Gobernu Programa arintasunez gauzatu ahal izateko eta alokairuko etxebizitzen eskaintzaren urritasun eta garestitasunari aurre egiten eraginkortasunez laguntzeko».

Dirulaguntza berriak indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak Euskadin Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko duen konpromisoa, eta jarraitutasuna ematen die azken urteetan Bilbon hasitako etxebizitza-jarduketei.