Hitzarmen horri esker, bi erakundeek euren erantzun bateratua hobetzen jarraituko dute baliabideak mobilizatzea eskatzen duten larrialdien aurrean
Gobernu Kontseiluak oniritzia eman du Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak larrialdiak kudeatzeko lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko. Hitzarmen horri esker, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (112 SOS Deiak) eta udal horretako Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuak (SPEIS) euren erantzun bateratua indartzen eta optimizatzen jarraituko dute baliabideak mobilizatzea eskatzen duten gertakarietan, bi kudeaketa-zentroen arteko konexio informatikoa eta komunikazioak ere ahalbidetuz.
Hitzarmen honek larrialdien kudeaketaren arloko sinatzaileen arteko lankidetza mantendu, sakondu eta arautuko du, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroen arteko etengabeko konexioa modernizatuz, komunikazioak partekatzeko eta administrazio bakoitzak bere esparruan eta bere eskumenak erabiliz jarduteko. Modu horretan, udalak sarbidea izango du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kudeatzen duen ENBOR SARERA, bai eta EUSKARRI sare informatikora eta bere baliabideen geolokalizaziora ere.
Azaldutakoaz gain, hitzarmenean, besteak beste, jaso da bi organismoek elkarlanean jardungo dutela taktika operatiboen lanketan, jarraipenean, ebaluazioan eta funtzionamenduan, gertakarien agertokian Aginte Postu Aurreratua ezartzerakoan eta larrialdiak kudeatzeko baliabide teknologikoen eta bitarteko bateratuen eraginkortasuna hobetzen lagunduko duen informazio zehatza trukatzean.