1,61 milioi euro onartu dira 2024-2025ean Euskadiko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoen zerbitzua sendotzeko

0

Gobernu Kontseiluak toki-entitateek sustatutako Euskadiko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoei (KIUB) laguntza ekonomikoak emateko deialdia onartu du. Partidak % 4ko igoera izan du, eta 1,2 milioi eurora iritsiko da 2025-2026ko deialdian. Laguntza horien helburu nagusia da kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak sustatzea eta defendatzea.

Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoek (KIUB) zeregin garrantzitsua betetzen dute kontsumitzaileei informazioa eta orientazioa emateko doako zerbitzu gisa. Haien erantzukizunen artean, zuzeneko erreklamazioak jasotzea, izapidetzea eta haietan bitartekari-lana egitea eta kontsumitzaileen eta enpresaburuen arteko gatazkak konpontzea aipa daitezke.

Ebazpen honek Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateentzako laguntza ekonomikoen emakida arautzen du. Laguntza horiek indibidualki aritzen diren entitateei, zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-entitate ordezkatuz aritzen direnei zein haiek sustatzen dituzten eta Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoko (KIUB) zerbitzua duten entitateei eman ahal izango zaizkie. Herritarrei prestakuntza, informazioa eta arreta eskaintzeko funtzioak babesten jarraitzeari begira, aurrekontu-igoera hori funtsezkoa da kontsumo-araudi berriak dauden egungo testuinguruan. Aurrekontu-igoera hori KIUBen oinarrizko funtzioak sendotzeko diseinatuta dago, erreklamazioei, inbertsioei eta ikuskapen-lanei erantzuteko beharrezkoak diren baliabideak eman ahal izan daitezen. Laguntza-programa kontsumitzaileen eskubideak babesteko eta Euskadiko KIUBek emandako zerbitzuak hobetzeko etengabeko konpromisoaren erakusgarri da.