Eusko Jaurlaritzak 5 milioi eurotik gorako gastu-kontratua baimentzea onartu du gaur, Gasteizko Aldaialdeko Ikastetxe Publiko Integratuan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hiru lerroko eraikinaren lanak egiteko.
Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxerako eraikina egin ondoren, altxatzeko geratzen den eraikina da —Arabako hiriburuko Zabalgana auzoko Boribizkarra 1. sektoreko 14.192 m2-ko EM7 partzelaren espazio librean—.
Eraikin berriak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hiru lerro hartuko ditu (DBHko 12 unitate). Jarduketa hori Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren barruan kokatzen da.
Gasteizko CPI ALDAIALDE IPIren Haur eta Lehen Hezkuntzarako eraikinaren lanak amaitu ondoren, Hezkuntza Sailak Bigarren Hezkuntzarako eraikinaren obren lizitazioa hasiko du. Bigarren Hezkuntzako eraikina Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikinaren ondoan kokatuko da, honen eta kirol anitzeko pista estaliaren mendebaldean, Ozeano Atlantikoa kalean.
Eraikin berriak lau solairu izango ditu (sotoa, beheko solairua, lehen solairua eta bigarren solairua) eta 4.546,26 m² eraiki (4.006,57 m² erabilgarri). Era horretan, bolumen berriaren programa hau izango da, solairuz solairu:
Obrak 18 hilabete iraungo du. Azkenik, Gasteizko CPI ALDAIALDE IPI ikastetxeko Bigarren Hezkuntzako eraikin berriaren lanek 12.443.243,20 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango dute.
Esku-hartzearen kostu osoa 12.443.243,20 eurokoa da, ekitaldien arabera honela banatuta: 2025 (1.209.913,77 euro), 2026 (10.408.765,30 euro) eta 2027 (824.564,13 euro).
Hezkuntza Eraiki 2030
Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-azpiegituren estrategia integralak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiek espazio modernoak, irisgarriak, jasangarriak eta metodologia pedagogiko aurreratuenekin bat datozenak izatea bermatu nahi du.
Estrategiak azpiegituretan inbertitzeko 750 milioi euroko aurrekontua du, Euskal Autonomia Erkidegoan 250 esku-hartze baino gehiago egiteko. Inbertsioak egiteko lehentasunak hauek izan dira: alde batetik, hezkuntza-azpiegiturak berritu eta modernizatzea, eskola-komunitatearen beharrei erantzuteko, eta, bestetik, metodologia aktiboak ezartzea, ikaskuntza malgu eta moldakorrerako diseinatutako espazioetan. Era berean, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimen estrategiko honek azken belaunaldiko ekipamendu inklusibo eta teknologikoaren hornidura sustatu nahi du, baita jasangarritasuna bultzatu ere, energia-efizientziako sistemak instalatuz (adibidez, aerotermia eta geotermia), eguzki-plakak berrituz eta fatxadak material jasangarriekin birgaituz. Horrez gain, Hezkuntza Eraiki 2030 ekimenak sukalde integralen eta jangela osasungarrien proiektuak garatzea ere sustatzen du, ikasleentzako elikadura orekatua eta jasangarria bermatuz.