Bilbobusek errekor historiko bi hautsi ditu. Alde batetik, 2024ko irailetik 2025eko otsailera bitartean, zerbitzuak lehen aldiz gainditu ditu bidaiarien pandemia aurreko kopuruak, eta, seihileko horretan, 14 milioi bidaiari baino gehiago izan ditu; zehazki, 14.089.753 bidaiari. Horrek esan nahi du bidaiarien kopurua % 5,69 igo dela, covid aurreko zifrekin alderatuta; izan ere, 2019ko irailetik 2020ko otsailera, 13.331.293 bidaiariko errekorra hautsi zuen zerbitzuak, 2020ko martxoko konfinamenduaren aurretik.
Beste alde batetik, zifra horiek azken 17 urteotako 6 hilabeteko emaitzarik onenak dira, eta lanegun askotan 100.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditu zerbitzuak.
Datu horiek guztiek agerian uzten dute goranzko joerak jarraitzen duela; izan ere, azken urteotako hilabeterik onena ere lortu da 2025ean: martxoan, 2,5 milioi erabiltzaile baino gehiago izan ditu Bilbobusek; zehazki, 2.505.930 erabiltzaile.
Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak esan duenez, errekorreko zifra horiek argi uzten dute «bilbotarrek garraio publikoaren eta Bilbobusen alde egiten jarraitzen dutela hiri barruko joan-etorrietarako, garraiobide jasangarri, eraginkor, fidagarri, seguru eta modernoa den heinean«.
Nora Abeteren hitzetan, «garraio publikoaren, bizikletaren edota ibiltzearen aldeko apustua egitea izaera gizatiarragoa, irisgarriagoa eta berdintasunaren aldekoagoa den hiriaren sinonimoa da; hiri bat zeinean jendeak espazioak berreskuratzen baititu eta mugitzeko eta zerbitzuak erabiltzeko duten modua hobetzen baitute».
Hilabete honetan, lau autobus elektriko berri jarri dira martxan, eta, orain, guztira, 141 autobusek osatzen dute Bilbobusen flota. Autobus horietatik 94 hibridoak dira, 26 elektrikoak dira, eta 21, konbentzionalak. Horri guztiari esker, Bilbobusek oso flota gaztea izango du: autobusen batez besteko adina 4,90 urtekoa izango da, eta autobusen % 85 berrituta egongo da. Hala, Europako flota moderno, jasangarri eta eraginkorrenetako bat izango du.
Bilbobusek 615 geltoki ditu, eta Bilboko biztanleen ia % 100ek du etxetik 300 metro baino gutxiagora geltoki bat. Geltokirik erabilienak Hurtado de Amezaga 2, Areatzako zubia, Plaza Biribila eta Kale Nagusia dira. Linearik erabiliena, aldiz, L77 linea da, zeinak Peñascal eta Larreagaburu lotzen baititu.
Bestalde, Bilbobusek 22 kalitate-ziurtagiri ditu, zerbitzuaren fidagarritasunaren seinale. Ziurtagiri horiek, batik bat, segurtasunaren, irisgarritasunaren eta ingurumen-kudeaketaren arlokoak dira; izan ere, Bilbobusek kalitate-konpromisoak hartzen ditu zerbitzua ematean, erabiltzaileen espektatibak betetzeko.
Bilbobusen azken urtean bultzatutako berrikuntza nagusien artean, nabarmentzekoak dira Barik garraio-txartelaren % 50eko deskontua eta 12 urtetik beherakoentzako garraioaren doakotasuna, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak bultzatutako laguntzei esker lortutakoa.
Joera eta bultzada honi esker, Bilbobusek hiri-mugikortasunarekiko, etengabeko hobekuntzarekiko eta erabiltzaileen beharretara egokitzearen aldeko konpromisoa indartzen jarraituko du, Europako autobus-flota berritzaileenetako batekin.