Ertzaintzak 8.000 agente izango ditu 2030erako, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak Gobernu Kontseiluari jakinarazi dionez.
Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Zupiriak adierazi du enplegu planak
hainbat proposamen jasotzen dituela beharrezko ertzain kopurua prestatzeko, “alde batetik, izango diren erretiroei aurre egiteko, eta, bestetik, 2030ean 8.000 agentera iristeko; helburua da dimentsio horri eustea denboran, Euskadin segurtasuna bermatzeko tresna gisa”.
8.000 kideetara iritsi ahal izateko, Segurtasun Sailak lan-eskaintza publiko berriak eta mailaz-igotzeko ikastaroak aurreikusten ditu. Era berean, fakultatiboen eta teknikarien eskala garatzeko aukera ere proposatu da, 2022an onartu zen dekretuaren bidez, orain arte baliatu ez dena. Kasu horretan, hautagaien gaitasun tekniko eta zientifikoaren arabera egingo da hautaketa.
22 milioi euro industrian deskarbonizazio-prozesuak bultzatzeko
Jaurlaritzak 22 milioi euro bideratuko ditu deskarbonizazio-prozesuak eta berotegi-efektuko gasak murrizteko prozesuak sustatzera.
Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duenez, gaurko Gobernu Kontseiluan onartu da Euskadiko enpresa txiki eta ertainei (ETEei) eta enpresa handiei zuzendutako deskarbonizazio industrialeko programa.
Enpresek 1,5 milioi arteko laguntzak eskatu ahal izango dituzte beren industria-instalazioak eta ekoizpen-prozesuak deskarbonizatzeko inbertsioei aurre egiteko.
Bozeramailearen iritziz, ekimen honen orain arteko balantzea oso positiboa da “Eusko Jaurlaritzaren deskarbonizazio industrialeko programak 58 enpresa onuradun izan zituen 2024an eta Jaurlaritzaren 17,6 milioiko inbertsioak beste 85,6 milioi euroko inbertsio pribatua sortu zuen” adierazi du Ubarretxenak.
Maria Ubarretxenak azpimarratu du deskarbonizazio industrialeko programari esker, 10 urtean ondorengo helburu hauek lortuko ditugula: 1,45 milioi tona CO2 isurtzea eragoztea, 467.000 tona lehengai aurreztea eta 51.389 tona hondakin gutxitzea.
Gasteizko Aldaialde HLHI (Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxea) handitzea
Jaurlaritzak baimena eman du Gasteizko Aldaialde ikastetxe publikoan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eraikin berria egiteko.
“Guztira,- jakinarazi du Maria Ubarretxenak- Jaurlaritzak 12 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu ikastetxea modernizatzeko”.
Eraikin berriak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hiru lerro izango ditu (DBHko 12 unitate).
Inbertsio berri hau Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren barruan sartzen da. “Programa horren helburua da – esan du Ubarretxenak- Euskadiko ikastetxe guztiek espazio moderno, irisgarri eta jasangarriak edukitzea eta metodologia pedagogiko aurreratuenekin lerrokatutako baliabideak izatea ere bai”.
Estrategiak 750 milioi euroko aurrekontua du inbertsio-gastuetarako. Eta ekimen horren onuradunak izango dira 250 ikastetxe.
1,2 milioi euro kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoak sustatzeko
Gobernu kontseiluak onartu du 1,2 milioi euro bideratzea toki-entitateek sustatzen dituzten Euskadiko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoei laguntzeko.
“Laguntza hauen helburu nagusia da – jakinarazi du bozeramaileak- kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak sustatzea eta defendatzea”. Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoek funtzio garrantzitsua dute, doako informazio eta orientaziorako zerbitzua eskaintzen baitiote kontsumitzaileari. Funtzio horien artean daude zuzeneko erreklamazioak jasotzea, tramitatzea eta bitartekotza egitea, bai eta kontsumitzaileen eta enpresarien arteko gatazkak konpontzea ere.
4 milioi euro ekipamendu zientifikoa eskuratzeko
Jaurlaritzak, halaber, 4 milioi euroko programa berri bat onartu du ekipamendu zientifikoa erosteko.
Laguntza horien hartzaileak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean akreditatuta dauden entitateak dira, bozeramaileak jakitera eman duenez. Zehazki:
- Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak
- Unibertsitateetako ikerketa-egiturak
- Eta ikerketa kooperatiboko zentroak.
Programa honen helburua da ekipamendu zientifikoa eskuratzeko aukerak indartzea, ikerketak aurrera egin dezan. Eta, azken batean, garapen teknologikoa bultzatzea Euskadiko komunitate zientifikoan. “Deialdi berri honek berretsi egiten du Eusko Jaurlaritzak zientziarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa, Euskadin aurrerapenaren funtsezko eragileak diren aldetik” azpimarratu du Maria Ubarretxenak.
Merkatari-elkarteen Errolda arautzen duen Dekretua onartuta
Euskadik adierazle-sistema berri bat jarriko du martxan merkataritza-sektorea hobeto ezagutzeko.
“Helburu hori lortzeko- adierazi du Ubarretxenak- Euskadiko Merkatari-elkarteen Errolda arautzen duen Dekretua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak”. “Azken helburua da – jarraitu du- adierazle zehatzak biltzea, oinarri bat izan dezagun gero merkataritza-sektorerako politika publiko eraginkor eta egokiak garatu ahal izateko, eta Euskadiko merkataritza-asoziazionismoari buruzko informazio egiazkoa eta eguneratua izateko”.
Dekretu hau elkarte-sarearen eta merkataritza-sektorearen egoera berrira egokitzen da, eta aurreko 1997ko arau bat eguneratzen du.
Itunpeko ikastetxeetarako eskolaz kanpoko laguntza programa berria
Jaurlaritzak programa berri bat onartu du, irakurmen- eta matematika-konpetentziak eskolaz kanpo indartzeko laguntza itunpeko ikastetxeetara hedatzeko. Ekimen hau dagoeneko ezarri da ikastetxe publikoetan.
Indartuz izeneko programa berri hau unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuei zuzenduta dago.
“Indartuz programaren helburua da Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleen irakurmena eta Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen matematikarako konpetentzia indartzea- azaldu du Ubarretxenak- horrekin, aurrerapen akademikoa bultzatu eta etorkizunean funtsezko arlo horietan atzerapenak prebenitu nahi ditugu”. Deialdiak 382 mila euroko inbertsioa ekarriko du.
Sasoikako langileentzako ostatu-laguntzak
Azkenik, Kontseiluak laguntza-sorta bat onartu du, sasoikako langileentzako ostaturako higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko.
Bozeramaileak azaldu duenez, 2025. urtean, 40.000 euro bideratuko dira horrelako espazioak diruz laguntzeko.
Prentsa-txostena