Euskadi, 2030 Agendarako gobernantzan nazioarteko erreferentea, bere eredua aurkeztu du ELGAren Urban Days jardunaldietan Parisen

0

Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaria den Asier Aranbarrik parte hartu du apirilaren 16an Parisen egiten ari den ELGAren Urban Days nazioarteko ekitaldian, 2025eko apirilaren 14tik 17ra bitartean. Zehazki, Aranbarrik «GJHak martxan: hiri eta eskualdeetako eragin-istorioak» izeneko saioan hartu du parte, eta bertan Euskadik Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) lurralde-garapenari buruz garatu duen gobernantza-eredua aurkeztu du.

Bere hitzaldian, Aranbarrik azaldu du Euskadik 2030 Agenda ezartzeko garatu duen ikuspegia: erakundeen arteko lankidetzan oinarritutako gobernantza, GJHekin lerrokatutako plangintza estrategikoa, adierazle propioen sistema eta gizarte-eragile, enpresa eta unibertsitate arloko ordezkarien inplikazio aktiboa.

Euskal esperientzia jasota dago OCDEk egindako «A Territorial Approach to the Sustainable Development Goals in the Basque Country« txostenean, non Euskadi aitzindari gisa aitortzen den GJHak politika publikoetan modu transbertsalean, koherentean eta datuetan oinarrituta txertatzeko gaitasunagatik.

Ekitaldiaren harira, Asier Aranbarrik bilera bat izan du Nadim Ahmad-ekin, ELGAko Centre for Entrepreneurship, SMEs, Regions and Cities-eko zuzendariordearekin. Bertan, lurralde-garapena, iraunkortasuna eta berrikuntza publikoa ardatz dituzten etorkizuneko lankidetza-ildoak aztertu dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzeak nazioarteko foro honetan berretsi du bere konpromisoa garapen jasangarriarekin eta lankidetza globalarekin, erronka urbano eta sozial handiei lurralde-ikuspegitik aurre egiteko bide gisa.