Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoetan Adimen Artifiziala erabiltzeari ekin dio eta IA sistemek erabilitako algoritmoen katalogo bat garatu eta argitaratu du. Katalogo hori zabaltzen joango da, administrazio publikoan Adimen Artifizialeko algoritmo berriak txertatu ahala, zerbitzu publikoak indartzeko helburuarekin.
Adimen Artifizialaren erabilera arduratsua administrazioa sinplifikatzeko eta arintzeko urrats bat gehiago da, teknologia pertsonen zerbitzura jartzen duen administrazio eraginkorrago, modernoago, berritzaileago eta digitalago baterantz aurrera egiteko.
Algoritmoen katalogoaren eskutik, Euskadi abangoardian kokatu da, sektore publikoan Adimen Artifizialaren erabileraren erregulazioari eta gardentasunari dagokionean, teknologia modu etiko eta arduratsuan eta pertsonen zerbitzura erabiltzen dela ziurtatuz. Katalogoak, halaber, enpresa-sarearekiko lankidetza ere islatzen du, enpresa ehunaren lehiakortasuna hobetuz.
Administrazioa egungo eta etorkizuneko beharretara egokitzeko eta aldaketen aurrean lidergoa izateko helburuarekin, algoritmoen erregistroaz gain, Eusko Jaurlaritza Administrazioaren Eraldaketa Digitalerako Estrategia ere lantzen hasita dago. Estrategia horren baitan, Adimen Artifizialeko Estrategia berria eta datuen gobernantzarako plan zehatza garatuko dira.
Helburua da administrazioaren eraldaketa digitala sustatzea eta datuen eta Adimen Artifizialeko sistemen erabileraren eskutik, prozedurak arindu eta sinplifikatzea, zerbitzu publikoak hobetzeko eta indartzeko eta arreta-eredu pertsonalizatuago eta integralago baten alde egiteko, pertsonak eta guztion ongizatea erdigunean jarriz. Halaber, honek guztiak Administrazioko langileen lana errazteko ere balioko du, haien jarduera eraginkorragoa izan dadin.
Katalogoan jasotako 13 algoritmoak
Katalogo honek hainbat arlotan -osasuna, hezkuntza, etxebizitza, herritarren arreta edo enplegua- garatutako eta erabilgarri dauden algoritmoei buruzko informazioa zabala jasotzen du.
Katalogoak aukera ematen du barne-prozesuak arintzeko eta gardentasun digitalean aurrera egiteko, sektore publikoaren baitan egiten den Adimen Artifizialaren erabilera arduratsuan gardentasuna bermatuz.
Adimen Artifizialeko sistemak txertatu dira, esaterako, erabaki klinikoetan laguntzeko, irakasleei arreta zerbitzua eskaintzeko, etxebizitza-arloko laguntza-eskaeren ebaluaziorako edota Zuzenean arreta zerbitzuko bulegoetan kontsultak hobeto kudeatzeko. Testuen transkripzio automatikorako edo itzulpenerako sistemak eta tresnak ere jarri dira herritarren eskura; Administrazioko langileek erabili ohi dituztenak eta orain, herritar ororen esku daudenak.
Euskadiko Adimen Artifizialeko Algoritmoen Katalogoa publikoa da eta euskadi.eus webgunean dago ikusgai. Sistema bakoitzeko informazio ugari dago eskuragarri: erabilitako datu-multzoa, datuen prozesamendua, algoritmoen giza-ikuskapena, erakunde arduraduna edo erabilitako teknologia. Gainera, Eusko Jaurlaritzak gizarte zibilaren iradokizunak eta ekarpenak jasotzeko kanal bat ere jarri du martxan.