Mikel Jauregi sailburuak Ceit bisitatu du, ikerketa aplikatuko eta teknologia enpresara transferitzeko erreferentziazko zentro teknologikoa

0

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburu Mikel Jauregik Ceit enpresak Ibaetan (Donostia) duen egoitza bisitatu du, ikerketa aplikatuan eta teknologia enpresetara transferitzen erreferentea den zentro teknologikoaren instalazioak bertatik bertara ezagutzeko. Ignacio Martín presidente korporatiboak, Eduardo Ayesa presidente exekutiboak eta Juan Meléndez zuzendari nagusiak egin diote harrera sailburuari, eta baita Paloma Grau Nafarroako Unibertsitateko errektoreordeak ere. Haiekin batera Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Jaione Ganzarain ere egon da.

Elkarrekin bisitatu dituzte Eusko Jaurlaritzaren BRTA – Basque Research & Technology Alliance sareko kide den zentro honen instalazioak. Sareak 17 zentro biltzen ditu, teknologikoak eta ikerketa kooperatibokoak. Ceit irabazi asmorik gabeko zentro teknologiko bat da, 1982an sortua Nafarroako Unibertsitatearen ekimenez.

Ceitek hiru espezializazio-arlo ditu: fabrikazio aurreratua, garraio jasangarria eta ekonomia zirkularra. Arlo horietan aktibo teknologikoak garatzen ditu, eta enpresen eskura jartzen ditu haiei teknologia transferitzeko arrisku teknikoa eta denborak murrizteko.

CEITen garatutako teknologietatik abiatuta, zentroak 20 spin-off sortu ditu 1996tik, eta horietako 5etan oraindik ere parte hartzen du. Spin-off horiek zuzeneko 300 enplegu baino gehiago sortzen dituzte, urtean 25 M € inguruko fakturazioa egiten dute eta Euskadira 30 M €-tik gorako inbertsioa ekarri dute.

Spin-off horien adibide da ekonomia zirkularraren sektoreko Bidasoa Metal 78 enpresa, berriki Zumarragako garapen industrial berrian ezarriko dela iragarri duena. Eusko Jaurlaritzaren laguntza enpresaren kapitalaren ia % 19 eskuratzean islatzen da, SPRI Taldearen Arrisku Kapitalaren Sozietate Kudeatzailearen bidez. Enpresa hori da SPRILURen eskutik Zumarragako Arcelorren lursail zaharrak erosteko, deskontaminatzeko, birsortzeko eta industria-erabilerarako gaitzeko operazioaren esparruan eraikitako pabiloi berrietan ezarri den lehena; Eusko Jaurlaritzak 25 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu bertan.

Bikaintasuna teknologiaren sorkuntzan, talentua eta Europako funtsak euskal industriara transferitzeko

Zentroaren ezaugarri bat teknologia sortzeko bikaintasunarekin duen konpromisoa da. Helburu hori gauzatzeko, doktoretza-tesiak egiten dira (gaur egun, 58 garatzen ari dira), artikulu indexatuak argitaratzen dira (urtean 60 inguru) eta nazioarteko biltzarretan parte hartzen da (urtean 100 baino gehiago).

Ceitek 12 nazionalitate desberdinetako 280 profesional baino gehiago ditu, eta urtean zehar 60 ikasle inguru hartzen ditu, praktikak, gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak bertan egin ditzaten. 43 urteko ibilbidean zehar, zentro teknologikoak 500 doktore baino gehiago eta 400 graduatu eta lizentziatu inguru prestatu ditu, batez ere inguruko enpresetan sartu direnak.

Europako testuinguruan Ceitek 65 M € inguru jaso ditu, teknologiaren sorkuntza finantzatzeko esparru-programetan egindako proiektuen bidez. Ildo horretan, zentro teknologikoak Euskadiko industriari egiten dion ekarpen garrantzitsua balioan jarri du Mikel Jauregi sailburuak. “Europako 100 proiektu baino gehiago garatuta, Ceit erreferentzia da teknologia, ezagutza eta profesionalak industriaren sektorera transferitu nahi direnean. Europe’s Rail proiektuaz ari gara, Europako trenbide-sektoreko ikerketa eta berrikuntzako programa nagusia, non Ceitek funtsezko protagonismoa duen, CAF, Talgo edo Indra bezalako enpresa erraldoiekin batera”.

Jauregik adierazi duenez, “Ziurgabetasuna nazioartean erabatekoa den une honetan, Trumpen Administraziotik piztutako gerra komertzialarekin, argi dugu Euskaditik gure etorkizuneko apustua dela industria handiagoaren eta Europa handiagoaren aldekoa. Badakigu industriak aurrerabidea, aberastasuna eta kalitatezko lanpostuak ekartzen dituela. Apurka-apurka merkataritza ixtera garamatzan mundu honetan, Euskadik protagonismo handia izan dezake Europar Batasunaren berrindustrializazioan. Inoiz baino gehiago jabetzen gara etxean fabrikatzeko gai izatearen garrantziaz, eta, horretarako, berritzaileagoak, teknologikoagoak eta lehiakorragoak izan behar dugu”.

“Horretarako, funtsezkoa da Euskadik etorkizuneko industria-sektoreentzat eremu emankorra izaten jarraitzea, ikerketan eta garapen teknologikoan dugun bikaintasunagatik. Hor funtsezkoa da gure zentro teknologikoen eta, zehazki, Ceiten zeregina, gure industria teknologikoki aurreratuagoa izan dadin laguntzeko, balio erantsi handiagoko eta osagai berritzaile handiagoko produktuekin, garraioan, ekonomia zirkularrean, digitalizazioan edo fabrikazio aurreratuan. Garapen teknologikoak eta berrikuntzak benetako zentzua hartzen dute industriara transferitzeko eta etorkizuneko erronka handietarako soluzio bihurtzeko gai garenean, besteak beste eraldaketa digitalerako edo trantsizio energetikorako. Horregatik, industria handiagoaren, industria hobeagoaren eta emisio gutxiagoren aldeko apustua egiten dugu”, amaitu du sailburuak.