Bilboko Udalak Carmelo Bernaola tunela birmoldatzeko lanak hasi ditu

0

Bilboko Udalak Carmelo Bernaola tunela (Ibarrekolandako tunela) birmoldatzeko eta indarreko araudira egokitzeko lanak hasi ditu aste honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Udalari laga arte.

Lan horietarako 5.982.460,60 euroko aurrekontua (BEZa barne) erabiliko da, eta hamalau hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da.

Morgan kalearen eta Enekuriko biribilgunearen artean kokatuta dagoen tunel honek sekzio berezia du, barruan duen errei-kopurua aldatu egiten delako eta espaloirik ez duelako. Bi hodi paralelok osatzen dute tunela: Asuaranzko hodiak 495 metroko luzera du eta Bilborako hodiak 501,5 metrokoa.

Lanen helburua, azpiegituraren egoera orokorra hobetzeaz gain, tunela indarrean dagoen araudira egokitzea da. Horretarako, trazadura-ardatz berri bat sortuko da biribilgunerako irteeran dagoen gehiegizko zabalera murrizteko (segurtasun-arrazoiengatik), espaloi berriak egiteko behar den espazioa sortuko da (orain existitzen ez direnak) eta bi hodien arteko ebakuazio-galeria bat eraikiko da.

Gainera, drainatze-sistema hobetuko da, eta argi- eta aireztapen-sistema osoa ordeztu eta modernizatuko da.

HODIEN ARTEKO ITXIERA-EGITURA

Tunela egungo araudira egokitzeko behar den jardueretako bat da bi zirkulazio-noranzkoak erabat bereiztea. Gaur egun, bi noranzko horiek ez daude bereizita Bilbotik sartzen diren lehen 115 metroetan gutxi gorabehera (new jersey motako euste-sistema bat baino ez dago). Horrek esan nahi du bi nornazkoak banatzeko tarteko horma txiki bat diseinatu beharko dela.

Horma piko horren baldintzatzaile nagusia honako hau da: ibilgailu batek galtzadetako edozeinetan izan dezakeen inpaktua jasateko gai izatea. Hori dela eta, hormigoi armatuzko horma bat egingo da, azaleko zimenduekin eta 1,50 metroko altuera duen ageriko horma piko batekin. Horren gainean, hormigoizko blokez osatutako trenkada bat egingo da, gorantz, bi hodiak erabat banandu arte.

Horma berriaren luzera 112,32 metrokoa izango da.

EBAKUAZIO-GALERIA

Udalaren bide-tunelen arau-esparrua betetzeko asmoz, eta 500 metrotik gorako luzera duen tunela izanik, aurreikusitako lanen baitan pertsonak ebakuatzeko galeria bat eraikiko da. Galeria horrek bi hodiak lotuko ditu tunelaren erdian kokatutako zeharkako galeria baten bidez.

Galeria hori aparteko bi espaziok osatuko dute —ebakuazio-noranzko bakoitzeko bat—, eta hormigoi armatuzko egitura batekin osatuko da, tunelaren erdiko hormari ainguratuta egongo dena.

Seinaleztatuta egongo da, eta barrutik 13,80 metro luze eta 2,15 metro zabal neurtuko du. Tunelaren espaloi berrietatik sartuko da bertara, eta bereizitako esparruetarako sarbideak izango ditu hodi bakoitzetik. Honako hauek izango ditu:

  • Larrialdietako suaren aurkako ateak, orri bikoitzekoak, izuaren kontrako barrarekin eta argiarekin.
  • Haizagailu helikoidalak. Kanpoko aldean suaren aurkako konporta izango dute, suteetatik babesteko eta behar denean sektorizatzeko.
  • Presioa arintzeko konporta, suaren aurkako konporten bidez babestua.
  • Presostato diferentziala, galeriaren eta hodi bakoitzaren arteko presio-aldea neurtzen duena, martxan den haizagailuaren lan-puntua erregulatzeko.
  • Maiztasun-erregulagailua, haizagailuaren funtzionamendu-puntua presostatoaren irakurketaren arabera modulatzeko.

Konpartimentu bakoitzak argiztapena, megafonia eta domo kamera izango ditu. Baita SOS zutoina eta su-itzalgailua ere.

ESTALDURA ESTETIKOA

Azuleju karratuak dituen barruko egungo estalduraren egoera kontuan hartutaestaldura kendu eta beiraztatutako altzairuzko panelak jarriko dira barruko azalera guztietan, hormigoi armatuzkoetan zein bloke-hormetan

Panel horiek segurtasun-hesiaren gainetik 10 zentimetrora jarriko dira, eta 3 metroko garaiera eta 1,50 metroko zabalera izango dute, goiko ertza argien eta instalazioen erretiluen azpitik gera dadin.

Kanpoko hormari dagokionez, haren itxura bateratuko da hormari ainguratutako azpiegitura baten gainean egurrezko xaflazko estaldura bat jarrita.

IKUSKAPENAK

Tunelaren oraingo egoera baloratzeko eta azpiegitura egokitze aldera egin beharreko jarduketak zehazteko asmoz, azpiegitura bereziak kontserbatu eta mantentzeko aldizka egindako ikuskapenen baitan, 2023ko abuztuan Udalak zorrotz aztertu zuen tunela. Azterketa horretan tunelaren arazo nagusiak antzeman ziren: hormigoi-junturen arteko ur-iragazketak eta hezetasunak, nagusiki. Hauexek dira iragazketa horiei lotutako narriadurak: hezetasun-patinak agertzea tauletan, horma-bularretan nahiz euste-sistemetan, eta estaldura-baldosak galtzea.

Iazko ekainean, tunela erabat moztu zela aprobetxatuz, beste ikuskapen bat (bigarrena) egin zen in situ eta, saski jasotzailea erabiliz, azpiegiturako elementu guztiak aztertu ziren, sabai aizuna eta bufatze-ganberak barne.

Horrez gain, tunela birmoldatzeko proiektua idazteko lanetan, arriskuen bi analisi egin dira, segurtasun-maila ebaluatze aldera.

OBRAREN HIRU FASEAK

Tunela birmoldatzeko obrak hiriguneko dinamikara egokitu behar dira, ahalik eta kalte gutxien sortzeko. Horrenbestez, fasetan antolatu da lana, tunelean une oro noranzko biko trafikoa mantendu dadin; horretarako, beharrezkoak diren desbideraketak egingo dira eta seinaleak nahiz balizak aldatuko dira, bai eta tunelaren segurtasuna bermatuko duten instalazioak egokitu ere.

Baliteke denbora-tarte laburretan faseen artean trafikoa moztu behar izatea, osorik edo zati batean, bideratzeak egiteko eta seinaleak aldatzeko. Ibilgailuen bideratze horien berri emango zaie herritarrei, abisuen bitartez.