F4F – Expo FoodTech 2025 azokak gaur goizean aurkeztu ditu maiatzaren 13tik 15era bitartean BEC – Bilbao Exhibition Centren egingo den eta Bilbo foodtech industriaren nazioarteko erreferente bihurtuko duen hurrengo edizioaren berritasun nagusiak. Pick&Pack for Food Industry azokarekin batera egingo den azoka honek 8.000 profesional baino gehiago bilduko ditu, eta elikagaien industriako ekoizpen-lantegiak automatizatzeko eta digitalizatzeko azken berrikuntzak ezagutuko dituzte, bai eta 250 enpresa erakusketarik baino gehiagok aurkeztuko dituzten ontzi, enbalaje eta logistikako azken garapenak ere.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak adierazi duenez, “Food for Future Bilbon kokatzeko erabakia ez da kasualitatea izan. Ondo pentsatuta hartutako erabaki estrategikoa izan zen, etorkizun-ikuspegi argiarekin hartua. Eusko Jaurlaritzako sail berri hau herri honi bultzada berri bat ematen ari da elikaduraren arloan, askoz ere eraginkorragoa eta seguruagoa den elikadura berrituan industria eta ekonomia berria sortzen lagunduz”.
“Bilbok eta Euskadik, halako nazioarteko ekitaldi bat hartzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzen dituzte; azpiegiturak, talentua, berrikuntza, enpresa-kultura, segurtasun juridikoa, nazioartean erreferentea den ingurune gastronomikoa eta elikadura-ingurunea, eta herriko sektore gisa elikaduraren aldeko erakundeen apustu irmoa”, azpimarratu du Amaia Barredok.
Barredo sailburuaren arabera, “Food for Future erakundeen, enpresen eta ezagutza-zentroen arteko ikuspegi partekatua da. Urrutira begiratzen duen ikuspegia da, eta helburu bikoitzean gauzatzen da: euskal ekosistemaren gaitasuna nazioartera proiektatzea eta lurraldera talentua eta inbertsioa erakartzea”.
“Euskadi munduan ezagutu behar da ez bakarrik bere bikaintasun gastronomikoagatik, baizik eta baita ezagutza sortzeko, inbertsioak erakartzeko, startupak bultzatzeko, teknologia berriak garatzeko eta irtenbide globalak gidatzeko duen gaitasunagatik ere”, azpimarratu du Amaia Barredok.
Food for Future anbizio horren nazioarteko erakusleiho nagusietako bat da gaur egun: 8.000 profesional baino gehiago, 30 herrialde baino gehiagotako 400 hizlari, 320 enpresa erakusketari, hub globalekin aliantzak dituen sare bat eta sektorearen erronka nagusietan oinarritutako agenda bat.
“Euskadik erabakigarritasunez egin du elikaduraren aldeko apustua herriko sektore estrategiko gisa Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren bidez, The Food Global Ecosystem bultzatuz eta gure ekosistema enpresarial eta berritzailea indartzearen bidez. Gaur egun Euskadin 137.000 enplegu baino gehiago daude elikadura-sistemari lotuta, eta gure Barne Produktu Gordinaren ia % 10 da”, nabarmendu du Amaia Barredok.
Standa
Aurten, Eusko Jaurlaritzak stand bat izango du ELIKA, NEIKER eta HAZI entitateekin batera. Standak erakusketa-eremu bat izango du –bertan nekazaritza bertikaleko, packaging jasangarriko eta elikagaien soberakinak balioztatzeko aurrerapenak erakutsiko dira besteak beste–, bai eta pertsonak eta proiektuak konektatzeko networking-eremu bat ere.
“Euskadi Basque Country” stand instituzionalean, berrikuntza ireki eta partekatuko eredua zehaztuko da, enpresen eraldaketan, startupak sortzen eta elikagaien balio-kate osoa indartzen laguntzeko tresnen bidez.
Amaia Barredorekin batera parte hartu dute Rogelio Pozok, Food 4 Future World Summit kongresuko zuzendaria eta AZTIko CEOa denak; Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapeneko foru-diputatuak; eta Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiak, eta azken honek azpimarratu duenez, “Bilboko Udalak erabat sinesten du elikagaien industriara aplikatutako teknologiaren eta berrikuntzaren ahalmenean. Funtsezkoa eta estrategikoa izateaz gainera, gure ezaugarriekin zuzenean lotuta dagoen sektorea da”.
Sergio Fabregat F4F – Expo FoodTech azokaren zuzendariak azaldu duenez, edizio honetan “inflexio-puntu bat markatu nahi dugu elikagaien industriaren eraldaketan, balio-kate osoa bilduz, sektorearen ekoizpena, efizientzia eta jasangarritasuna berriz definitzen ari diren teknologiak eta joerak ezagutzeko eta horien gainean elkarrekin hausnartzeko”.
Elikadura-sektorearen liderrak
Ekitaldiaren esparruan, Food 4 Future World Summit elikadurako berrikuntzari buruzko Europako kongresurik handiena egingo da. 320 aditu baino gehiago bilduko ditu eraldaketa digitaleko estrategiak, arrakasta-kasuak eta kontsumoaren eta ekoizpenaren arloan sortzen ari diren joerak partekatzeko. “XXX” laburbildu du Rogelio Pozok, Food 4 Future World Summit kongresuko zuzendariak eta AZTIko CEOak.
Besteak beste, Eroski, PepsiCo, Campofrío, Hijos de Rivera, COVAP, Kaiku-Iparlat, Tutti Food Group, Angulas Aguinaga, Nueva Pescanova, Bodegas Eguren Ugarte edo Familia Torres enpresa liderrak izango dira nazioarteko foro honetan, eta hainbat gai sakonduko dituzte, hala nola elikagaien industriaren automatizazioa eta digitalizazioa, AA eta robotika ekoizpen-prozesuetan, jasangarritasuna, ekonomia zirkularra, elikadurako eta kontsumitzaileen portaerako joera berriak eta elikagaien segurtasuna eta zientzia.
Kongresuaren paraleloan, F4F – Expo FoodTech eta Pick&Pack for Food Industry azokek erakusketa-eremu bat izango dute, eta bertan, besteak beste, Agrobank, AZTI, Beckhoff Automation, Christeyns, CNTA, Cocuus, Eurecat, Ibernova, IFR, Leitat eta Tecnalia bezalako konpainia liderrek foodtecheko, robotikako, automatizazioko, prozesatzeko eta ontziratzeko makineriako, elikagaien segurtasuneko eta elikagaien ekoizpenari aplikatutako zientziako beren soluzio puntakoenak aurkeztuko dituzte.
Horrek guztiak Euskadik nazioartean elikadura-berrikuntzako hub gisa duen posizionamendua indartzen lagunduko du. Alde horretatik, F4F – Expo FoodTech azokak inpaktu positibo esanguratsua sortuko du lurraldean, enpresen hazkundea eta proiektu berriak sortzea sustatzearen aldeko apustu irmoa egiten baitu, elikadurari eta edariei lotutako balio-katea lehiakorragoa izan dadin, sektore hori bere ekonomiaren zutabe estrategikoetako bat baita.
Pick & Pack for Food Industry
Pick & Pack for Food Industry azoka ere Bilbon egingo da maiatzaren 13tik 15era bitartean, elikagaien industriarako packagingean eta logistikan espezializatutako Espainiako ekitaldi bakar gisa sendotuz. Edizio berriak erreferentziako enpresak bilduko ditu, eta prozesatze-sistemetan, ontzi eta bilgarrietan, robotika logistikoan, garraioan, arakagarritasunean eta trazabilitatean, supply chain-en, etiketatzean eta kodetzean eta packagingeko material berrietan dituzten azken soluzioak aurkeztuko dituzte, bai eta adimen artifiziala, blockchain edo datuen analitika bezalako teknologiak ere, besteak beste.
***
Expo FoodTech (2025eko maiatzak 13-15, BEC-Bilbo): elikagaien eta edarien sektoreko balio-kate osoko profesionalentzako berrikuntza-ekitaldia da. Hiru egunez, F4F – Expo FoodTech azokak elikaduraren industriako profesionalak elkartuko ditu Bilbao Exhitibion Centren (BEC), foodtech-eko, robotikako eta automatizazioko, elikagaien industriako segmentuetako prozesatzeko eta ontziratzeko makineriako eta elikagaien segurtasuneko eta zientziako azken soluzioak ezagutzeko. Gainera, Food 4 Future World Summit, elikagaien eta edarien industria eraldatzeko azken joerak, arrakasta-kasuak eta tresnak ezagutzeko Europako kongresurik handiena, ere hartuko du. F4F – Expo FoodTech NEBEXTek eta AZTIk antolatzen dute. F4F – Expo FoodTech 2025 aurten ere Pick&Pack for Food Industry azokarekin batera, elikagaien industriarako packaging eta logistika soluzioetan espezializatutako Espainiako ekitaldi bakarrarekin batera, egingo da.
NEBEXT: Next Business Exhibitions (NEBEXT) hainbat industriatarako teknologian, berrikuntzan eta jasangarritasunean espezializatutako Espainiako ekitaldi profesionalen antolatzaile pribatu handiena da.
AZTI: AZTI zentro zientifiko eta teknologikoa da, eta inpaktu handiko eraldaketa-proiektuak gauzatzen ditu Nazio Batuen 2030 GJHekin bat datozen erakundeekin. Itsas ingurunean eta elikaduran espezializatuta dago, eta zientzian zein ikerketa sendoetan oinarritutako abangoardiako eta balio erantsiko produktu eta teknologiak eskaintzen ditu.
+ Informazio eta prentsako materialak: Carmen Tejón & Mamen Hernández & Paula Amer press@expofoodtech.com