Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok mezu argi batekin amaitu du Rebuild 2025 azokan —apirilaren 23tik 25era IFEMAn (Madril)— izan duen parte-hartzea: lankidetza instituzionala eta publiko-pribatua, sektorearen industrializazioaren aldeko apustu irmoarekin batera, funtsezkoak dira etxebizitzaren merkatuaren egungo erronkei aurre egiteko. Ildo horretan, Euskadik sustapen publikoen % 65ek 2036an elementu industrializaturen bat izateko duen konpromisoa defendatu du autonomia-erkidegoen aurrean.
“Urritasun- eta garestitasun-une bati aurre egin behar diogu anbizio legegilearekin eta soluzio berritzaileekin. Gaur inoiz baino gehiago, erdi-mailako klaseek betetzen dituzte etxebizitza babestuen zerrendak, merkatu librea eskasa eta baztertzailea delako. Ezin gara ezer egin gabe geratu «, adierazi du sailburuak.
Azokaren bi egunetan, Itxaso beste autonomia-erkidego batzuetako kontseilariekin bildu da, eta haiekin bat egin du ideia honekin. «Ezin dugu onartu etxebizitza babestuetarako baliabide publikoak hustubidetik joatea, epe ertainean deskalifikatuz». Isabel Rodríguez Etxebizitza eta Hiri Agendaren ministroak eta Pedro Sánchez Gobernuko presidenteak agerraldia egin dute azokan. Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidentea arduratzen da etxebizitzaren PERTEa (Ekonomia Berreskuratu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoa) ezagutarazteaz. Ekimen horren helburua Espainian eraikuntza industrializatua eta modularra sustatzea da. Hasiera batean urtarrilaren 13an iragarrita, proiektu hori Valentziako Erkidegoan garatuko da, eta inbertsio ekonomiko handia aurreikusten du sektorearen ekoizpen-ahalmena bultzatzeko. Helburua da herrialdean etxebizitzak eraikitzeko erritmoa handitzea eta egungo bizitegi-defizitari erantzutea. PERTE etxebizitzaren arloko hamabi neurri izarretako baten parte da.
Bestalde, sailburuak Build:INN eraikuntzako euskal klusterraren standa inauguratu du, eta balkoi industrializatuen ekimen aitzindaria—Tecnalia, Ulma eta Abiturak diseinatua— aurkeztu du, Amurrioko (Araba) 21 etxebizitza osorik birgaitzeko proiektu pilotuaren esparruan. Proiektu hori Zero Plana estrategiaren barruan kokatzen da, eta alokairuko etxebizitzen parke publikoa deskarbonizatzea du helburu. Horretarako, irisgarritasuna eta kanpoaldeko bizigarritasuna hobetzera bideratutako soluzio industrializagarriak eta erreplikagarriak proposatzen ditu.
Industrializazio-estrategia: 2036ra arteko asmo handiko plana
Euskal Autonomia Erkidegoak Rebuild azokan parte hartzeak balio izan du Industrializazio Estrategia elikatzeko eta finkatzeko, Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala 2022-2036 esparruan. Ibilbide-orri horrek barne hartzen ditu berrikuntza, prestakuntza duala, digitalizazioa (BIM metodologiaren erabilera sistematikoarekin) eta produkzio gero eta industrializatuagoa, bereziki Visesaren sustapenetan -eraikita dauden guztiek elementu industrializaturen bat dute- eta laguntza publikoak jasotzen dituzten sustapen pribatuetan. Era berean, nabarmentzekoa da Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak egindakoen % 40k egitura industrializatua dutela eta 2036an sustapenen % 65ek % 50etik gorako industrializazio-maila edo -ehunekoa izan beharko dutela.
“Industrializazioa ez da berez helburu bat, kalitatezko etxebizitzak, eskuragarriagoak, jasangarriagoak eta behar berrietara egokituak izateko bitartekoa baizik. Eta hori lortzeko elkargo profesionalek, eraikuntza-enpresek, zentro teknologikoek, lanbide heziketa ikastetxeek eta unibertsitateek indarrak batu behar ditugu», azpimarratu du Itxasok, Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren esparruan maiatzean abiatuko den erakunde arteko lantaldea aipatuz. Foro hori erakunde arteko eta eragile anitzeko partaidetza-gune egonkorra da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-erronkei erantzuteko politika berritzaileak aztertu, adostu eta proposatzea du xede.
Maizterra eta biziguneak babestea eskubide gisa
Sailburuak, halaber, gune tentsionatuen figura aldarrikatu du, “jarduteko eta eskaintza eskuragarria indartzeko denbora ematen digun maizterrentzako babes-tresna gisa”. Era berean, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza duin baten alde egindako lan normatiboa nabarmendu du, bereziki 80/2022 Dekretua aipatuz. Dekretu horrek bizitzeko kanpo-espazioak —balkoiak, terrazak— izateko eskubidea aitortzen du —eraikigarritasunari dagokionez, 10 m² arte ez dira azalera gisa zenbatuko etxebizitza bakoitzeko—.Ikuspegi hori berariazko laguntza-ildoekin indartuko da, espazio horiek hobetzeko edo sortzeko etxebizitza bakoitzeko 5.750 eurorainoko zenbatekoekin.
«Gero eta gehiago jabetzen ari gara bizigarritasuna ez dela etxeko hormetan amaitzen. Kanpoko espazioak ez dira luxu bat, premia bat baizik. Eta horregatik sustatzen, arautzen eta diruz laguntzen ditugu», defendatu du Itxasok.
Berrikuntzatik abiatuta etorkizuna eraikitzen duen Euskal Autonomia Erkidegoa
Rebuild 2025 azokaren edizio honetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik sektoreko 16 enpresak hartu dute parte —besteak beste, Tecnalia, Egoin, Orkli, Arregui edo Lur Control—, eta azoka berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta ezagutzaren transferentziaren gune gisa finkatu da. “Etorkizuna eraikitzen ari gara. Proiektu bakoitzarekin, aliantza bakoitzarekin, eraikuntza industrializatuan espezializatutako LHko prestakuntza bakoitzarekin, sektore sendoagoa, modernoagoa eta berdinzaleagoa osatzen ari gara”, esanez amaitu du sailburuak.