Osakidetzak euskarazko komunikazioa errazten du «e» sinboloa gehituz ospitalizatutako pazienteen identifikazio-eskumuturrekoetan

0

Esparru sanitarioan euskara lehentasunezko hizkuntza gisa ezarri duten 370.000 euskaldunek neurriaren onurak jaso ditzakete

Esparru sanitarioan euskara komunikatzeko hizkuntza lehenetsi gisa ezarri duten Osakidetzako pazienteek beste tresna bat izango dute eskuragarri profesional sanitarioekin euskaraz errazago hitz egiteko, «e»  sinboloa, e letra xehez, bere behealdean euskaraz legendarekin, hain zuzen ere.

Sinbolo hau gehitu da pazienteek ospitalean ingresatzen dituztenean eramaten duten identifikazio-eskumuturrekoetara. Eskumuturreko horietan datu pertsonalak jasotzen dira (izen-abizenak, jaioteguna, historia klinikoaren kodea eta abar), eta orain sinbolo hau ere agertzen da euskara komunikatzeko hizkuntza lehenetsi gisa aukeratzen denean.

Identifikazio-eskumuturrekoa elementu oso ikusgaia da, ospitalean ingresatutako pazienteen ibilbide osoan zehar ikus daitekeena. Izan ere, nahitaez jartzen da ospitaleko larrialdietara sartu bezain laster, eta ez da kentzen alta eman arte. Faktore hori erabakigarria izan da sinboloa ere sartzeko erabakia hartzeko orduan.

Eskumuturrekoetan sinboloa gehitzea proiektu zabalago baten parte da. Proiektu horren helburua dira, alde batetik, prozesu asistentzialaren kalitatea hobetzea pazienteen hizkuntza lehenetsia aitortuz, eta, bestetik, euskara lehenesten dutenak identifikatzea, euren hizkuntzan artatuak izateko aukera izan dezaten beti.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat, egoera ahulean dauden pazienteek aukeratutako hizkuntza erabiltzeak segurtasun- eta konfiantza-espazio bat sortzen laguntzen du, eskaintzen den asistentzia-kalitatea hobetzeko.

Euskara komunikatzeko hizkuntza gisa erregistratzea esparru sanitarioan

Osakidetzak hamarkada bat darama herritarrek esparru sanitario publikoarekin jarduteko nahiago duen hizkuntza lehenetsia zein den erregistratzen. Pazientearen hizkuntza lehenetsia zentro sanitarioetako administrazio- eta onarpen-eremuetan erregistratu ohi da, eta profesionalek erabili ohi dituzten informazio asistentzialeko sistema nagusietan agertzen da; ondorioz, profesionalek erraz identifika ditzakete euskara nahiago duten pazienteak. Gainera, pertsonek beren hizkuntza lehenetsia ere erregistra dezakete Osakidetzako Osasun Karpetaren bidez.

Orain arte, 370.000 euskaldunek aukeratu dute euskara lehentasunezko hizkuntza gisa esparru sanitarioan. Osakidetzaren sareko ospitaleren batean ingresatuz gero, paziente horiek ikur hau izango dute identifikazio-eskumuturreko pertsonalean.

Pazienteen identifikazio-eskumuturrekoetan ikurra txertatzeko ekimena Parte Hartu ekimenaren barruan hobetzeko ideien proposamen baten ondoren etorri da, Osakidetzako profesionalen parte-hartzea eta lankidetza sustatzeko programa korporatiboaren barruan.

Aurkeztutako ekimen onenen artean hautatua izan ostean, pixkanaka hedatu da, euskara komunikatzeko hizkuntza gisa lehenetsi duten pazienteak identifikatzeko sistema garatzeko eta zabaltzeko xedearekin.