Datorren ostegunerako, maiatzak 1, antolatutako dispositiboa, Athletic Club eta Manchester United Football Cluben arteko Europa Leagueko partidari begira

0

Bilbok dispositibo sendo bat zabalduko du, Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Athletic Clubek koordinatuta, datorren ostegunean, San Mamesen, 21:00etatik aurrera, Athletic eta Manchester United Football Cluben artean jokatuko den Europa League UEFAren finalerdietako joaneko partida dela-eta.

Diseinatutako dispositiboak batez ere San Mames inguruei eragingo die, bi zaletu-taldeen eta, oro har, herritarren segurtasuna bermatzeko neurri batzuk zehazte aldera.

Partidaren ondorioz, ohikoa den bezala, trafikoa etengo da eta garraio publikoan aldaketak egin beharko dira.

Zirkulazio-murrizketak, batez ere, Moyua plazaren eta Carlton hotelaren inguruan eta San Mames inguruan gertatuko dira, bai eta zaletu ingelesen fan march-ak ibilbidean zehar eragiten dituen mozketak ere.

Izan ere, Europan horrelako ekitaldietan ohikoa den prozedurari jarraituz, bisitariei elkargune batera dei egingo zaie, denak batera joan daitezen zelairaino, Ertzaintzako agenteek lagunduta.  Manchester United-eko zaleen meeting point hau Iparragirre kalearen lehen zatian egongo da, Guggenheim Museotik hurbilen dagoen tartean.   Kalkulatzen da 18:00ak aldera abiatuko direla San Mameserantz.

18:00ak inguruan ere, zirkulazioa murriztu eta moztuko da Felipe Serrate kalean, Sabino Arana etorbidean, Euskalduna zubian eta Jesusen Bihotza plazan.

Halere, ordu erdi lehenago, 17:30etik aurrera, lehenengo trafiko-mozketak egingo dira Carlton hotelaren aldirian.

Egun osoan zehar, gainera, udaltzainek eta ertzainek zaleen arteko bizikidetza bermatuko dute.

ALDAKETAK GARRAIO PUBLIKOAN

Tranbiaren zerbitzua 18:00etatik aurrera aldatuko da Pio Baroja eta La Casilla geralekuen artean.

Era berean, partidak eragina izan dezake Bilbobusen eta Bizkaibusen zerbitzuetan; beraz, gomendatzen da balizko aldaketa eta alternatibak pantailetan edo webguneetan kontsultatzea.

Horregatik guztiagatik, bertoko zaletuei gomendatzen zaie zelaira hurbiltzeko garraio publikoa erabil dezatela eta behar besteko aurrerapenaz sar daitezela.

SAN MAMESERA SARTZEKO JARRAIBIDEAK

San Mameseko ateak 19:30ean zabalduko dira, partida hasi baino ordu eta erdi lehenago. Sarrera ahalik eta lasterren egitea gomendatzen da, azken orduko pilaketak saihesteko. Gainera, joan den astelehenean igorritako jakinarazpenean adierazi zenez, eta Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren gomendioekin bat etorriz, San Mameserako joan-etorria batez ere oinez edo garraio publikoan egitea eskatzen da.

Oinezkoen sarbidea San Mamesera

Oinez doazenentzat, hauek izango dira sarrerako bide nagusiak:

  • Poza Lizentziatuaren kalea: San Mameseko zabaldegira heltzean, bertara iristeko sarbide zuzena minimoki desbideratuta egongo da. Beraz, ezkerrera biratu eta metro batzuk egin beharko dira Briñas kaletik zabaldegira heltzeko.
  • Urkixo zumarkalea: sarbide zuzena.
  • Simon Bolivar kalea: Zunzunegirekin bat eginez eta Ingeniari eskolaren eskaileretatik joanez edo Sabino Arana etorbidetik jaitsiz eta Poza kalea hartuz.
  • Juan Antonio Zunzunegui etorbidea: Ingeniari eskolaren eskaileretatik jaitsiz.

Sarbide mugatuak

Garrantzitsua da kontuan izatea Sabino Arana etorbidea (Jesusen Bihotza plazaren eta Felipe Serrate kalearen artean) eta Felipe Serrate kalea bera (Sabino Arana eta San Mameseko 19. atearen artean) zale bisitarientzat erreserbatuta egongo direla, eta, beraz, ezin izango dela inguru horretatik sartu.

Euskaldunako zubitik heltzen direnek parkearen aldetik Jesusen Bihotza plazara heltzeko aukera izango dute, baina ezin izango dira Sabino Aranatik igo. Horren ordez, Kale Nagusitik desbideratu eta María Diaz de Haro kaletik jarraitu beharko dute, eta handik Poza Lizentziatuaren kalea edo Urkixo kalea hartu, komeni zaienaren arabera.

Sarrerako ateetarako sarbidea, erloju-orratzen noranzkoan

Estadioko ateetarako sarbideek erloju-orratzen noranzkoari jarraituko diote. 23., 24., 25. eta 26. ateetara, zabaldegiaren aurrealdean daudenak, zuzenean sartu ahal izango da Poza-Briñas edo Urkixotik.

Jarraian, 1etik 13ra bitarteko ateak daude, Rafael Moreno «Pitxitxi» pasealekutik ohiko moduan sartzeko.

Azkenik, txarteldegien atzeko aldean (7tik 13ra bitarteko ateak) beste partida batzuetako pilaketak saihesteko, 14tik 20ra bitarteko ateetara doazenei Pitxitxi pasealekutik Bentosa bidera jaisten diren eskaileretik joatea gomendatuko zaie eta, hortik, estadioa apur bat inguratzea, 14-20 ateak dauden albora heldu arte.

 

Azken gomendioa

Funtsezkoa da ohi baino denbora gehiagoz joatea, sarbideetan lasai egotea eta antolaketa- eta segurtasun-langileen jarraibideak uneoro betetzea. Gogoan izan pertsona bat zabaldegira sartzen bada eta alboko edo atzeko ateren batetik sartu behar badu, estadioa ezkerretik inguratu beharko duela, erloju-orratzen noranzkoari jarraituz, ezin izango baita zuzenean eskuinerantz mugitu (Felipe Serrate kalea).