Lehendakariak lasaitasunerako deia luzatu du itzalaldiaren aurrean, eta zuhurtzia, erantzukizuna eta informazioa bide ofizialetatik jarraitzea eskatu du

0

Imanol Pradales Lehendakaria LABIren bileraren buru izan da gaur, eta larrialdi-mailaren 2. fasea aktibatuko duela iragarri du. Neurri honekin, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen du euskal erakundeen ekintzen koordinazioa.

Pradalesek, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuarekin batera, erregistratutako gorabeheren balantzea egin du. Besteak beste, garraioan izandako arazoak, igogailuetako erreskateak eta trafikoan bizitako egoera. Lehendakariak azpimarratu duenez, hasiera-hasieratik, larrialdi-zerbitzuek, Ertzaintzak, ospitaleek eta egoitzek dagozkien protokoloak aktibatu dituzte. Gainera, eskerrak eman dizkie «larrialdietako euskal sistemako langileei, egoera errazteko eta laguntzeko egin duten ahaleginagatik».

Eskainitako datuen arabera, 18:30ean, hornidura elektrikoen %84 berreskuratuta zegoen Euskadin. Lurraldeei begira, Araba normaltasunean zegoen ia-ia ordu horretan; Gipuzkoa %88an eta, Bizkaia, %78an.

Pradalesek zerbitzu elektrikoaren hobekuntza progresiboa azpimarratu du: «Euskadiko egoera beste toki batzuetakoa baino askoz hobea da une honetan”. Eta lasaitasunerako deia luzatu du: «egoera konplexua da eta informazio ofiziala jarraitzea ezinbestekoa da. Bihar ez da egun normala izango Euskadin. Gure aurreikuspena da garraioaren sektorea eta, bereziki, trenbidekoa izango direla normaltasunera itzultzeko atzerapen handiena izango dutenak».

Lehendakariak herritarrei zuhurtzia eta pazientzia eskatu die. «Gure aurreikuspena da datozen orduetan sarea bere osotasunean berrezartzea. Honenbestez, zerbitzu guztiak normaltasunez lanean hasiko dira. Hala ere, gorabeherak egon daitezke. Zuhurtzia eta pazientzia beharrezkoak izango dira», gaineratu du. Era berean, espekulazioa eta desinformazioa saihestea eskatu Lehendakariak.

Erantzukizunez jokatzea eta behar-beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko eskaria ere egin du Lehendakariak. Hau da, larrialdi-zerbitzuak eta 112 zerbitzua proportzionaltasunez erabiltzea.

Pradalesek ziurtatu du euskal erakundeak «prest, koordinatuta eta gaitasunen %100ean lanean” daudela. Baita Estatuko erakundeekin etengabeko koordinazioan ere.

Agerraldian, alderdi politikoen arteko lankidetza eskatu du: «arduradun politiko guztiei dei publikoa egiten diet egoera hau helburu politikoetatik kanpo uzteko. Egoera honi ahalik eta azkarren eta ondoen erantzutea da lehentasuna, eta biderik onena erakundeen arteko lankidetza da», azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzak aktibo mantenduko du LABIren mahai teknikoa, gertaeren etengabeko jarraipena egiteko. Gainera, LABIren beste bilera bat deitu da bihar, urtarrilak 29, 13:00etan, Lehendakaritzan, baldin eta larrialdi arrazoiengatik aurreratu behar ez bada.