Osakidetzak bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko prestakuntza eman die Basauriko ikasle gazteei

0

Barrualde-Galdakaoko ESIak, Lehen Mailako Arretako erizaintzako taldearen bidez, eta Basauri-Arizko Lehen Mailako Arretako Unitateko Familia eta Komunitateko erizaintzarekin batera, bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko prestakuntza-tailer bat eman die Basauriko Uribarri institutuko DBHko 3. mailako ikasleei.

Ekimen estrategiko hori ESIko beste udalerri batzuetan ere garatzen da, hala nola Gernikan, Laudion eta Lekeition, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak gazteei bihotz-geldialdi baten aurrean eraginkortasunez esku hartzeko behar dituzten trebetasunak eman nahi dizkiete, egoera horretan segundo bakoitza garrantzitsua baita.

Basauriko ikastetxe honetako eta beste batzuetako ikasleen erantzuna bikaina izan da. Aurten, udalerri honetan BBBren 15 tailer egin dira dagoeneko, eta 300 ikasleri baino gehiagori irakatsi zaie. Guztira, Barrualde-Galdakaoko ESI osoan 46 tailer teoriko-praktiko egin dira, eta oinarrizko ezagutza teorikoak eman zaizkie Bigarren Hezkuntzako 1.000 ikasle eta 150 irakasle ingururi. Eta, garrantzitsuena zera da: BBBren maniobrak modu zuzen eta seguruan egiteko esperientzia praktikoa.

Laura Martinek, Osakidetzako Basauri-Arizko Anbulatorioko Familia eta Komunitateko erizainak, ESIko gainerako Familia eta Komunitateko erizainekin batera, prestakuntza horren edukiak diseinatu ditu, eta tailerrak antolatzerako orduan, ikastetxeen eta osasun-zentroaren arteko lotura-figura da. Prestakuntzak 2 orduko iraupena dauka, eta zati bat teorikoa da eta bestea praktikoa. Bertan, honako gai hauei buruzko prestakuntza ematen zaie ikasleei: Heimlich-en maniobra, segurtasunezko alboko jarrera, BBBren maniobrak eta Kanpoko Desfibriladore Erdiautomatikoaren erabilera. Gainera, ezagutzari lotutako prestakuntza aurreko eta osteko galdetegiak bete behar dira, jarduera ebaluatzeko.

«Bigarren hezkuntzako ikasleei BBBri buruz irakasteak eragin sakona dauka», ziurtatu du Laura Martín erizainak. «Familia-, eskola- edo gizarte-ingurunean lehenengo esku-hartzaile erabakigarri gisa jarduteko gaitasuna emateaz gain, gaztetatik laguntza- eta elkartasun-kultura edukitzea sustatzen du», gaineratu du. Ildo horretan, Martinek dioenez, BBBa ikastean, «gazteak salbamendu potentzial bihurtzen dira, eta komunitatean bizirauteko aukerak areagotzen dira». Gainera, prestakuntza horrek bizitza osorako trebetasuna ematen die, eta osasun kardiobaskularrari buruzko kontzientzia areagotu dezake.

Irakasleentzako prestakuntza

Gainera, ikastetxeetako irakasleentzako prestakuntza ere antolatu da. Proiektu honen asmoa da ikastetxe bakoitzean BBBren erreferentziazko pertsona bat edo batzuk egotea, eta haiek izatea etorkizuneko prestakuntzak lideratuko dituztenak hezkuntza-eremuan, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako profesionalen laguntzarekin.

Barrualde-Galdakaoko ESIak eta bertako Familia eta Komunitateko erizaintza-taldeak berretsi egiten dute osasuna sustatzeko daukaten konpromisoa, bai eta herritarrak gaitzeko daukaten konpromisoa ere larrialdi-egoerei aurre egiteari dagokionez, gazteak osasun-arloko oinarrizko trebetasunekin ahaldunduz eta komunitatearen gizarte-erantzukizuna eta lidergoa sustatuz osasun-gaietan.