Mikel Jauregi, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, eta Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, VIVEbiotech enpresaren egoitzan izan dira gaur goizean, Gipuzkoako Parke Teknologikoan (Donostia). Bisitan, bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte Gipuzkoako biomedikuntzaren/bioosasunaren industria-sektore garrantzitsuko enpresa erreferentearen instalazioak. Enpresaren aldetik, Gurutz Linazasoro fundatzaileak, Stefan Beyer Administrazio Kontseiluko presidenteak eta Jon Alberdi CEOak egin diete harrera sailburuari eta diputatuari. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Arrate Aranbarri SPRI taldeko Arrisku Kapitalaren Sozietate Kudeatzailearen zuzendari nagusiak ere parte hartu du topaketan.
Enpresa bioteknologikoaren 3.000 metro karratuko instalazio modernoak eta laborategiak bisitatu dituzte, eta bertatik bertara ezagutu dituzte VIVEbiotech enpresaren proiektu nagusiak, hala nola CAR-T terapiak, gaixotasun arraroen terapiak eta in vivo administrazioko terapia aurreratuak, zeinetan liderrak diren munduan.
VIVEbiotech enpresa 2015ean sortu zen, eta enpresa aitzindaria da Euskadin eta Estatuan, eta liderra da Europan, jatorri genetikoko gaixotasunak —hala nola minbizia edo gaixotasun arraroak— tratatzeko saiakuntza klinikoetarako bektore lentibiralen ekoizpenean. Gipuzkoako konpainiak bezero-zorro handia du eta nazioarteko proiektu egonkor ugari. Horri esker, egitura sendotu ahal izan du eta modu jasangarrian hazten jarraitu ahal izan du, lurraldea etorkizuneko medikuntzaren abangoardian kokatzeraino. Une honetan, goi-mailako prestakuntza duten 140 profesionalek osatzen dute taldea, eta nazioarteko 56 bezerok erabateko konfiantza dute enpresaren terapia aurreratuetarako bektore lentibiraletan. 2024ko ekitaldia 18 milioi euroko negozio-zifrarekin itxi zuten. Horrez gain, 2024ko abenduan, VIVEbiotech enpresak Ampersand Capital Partners-en inbertsioa jaso zuen, bektore lentibiralak garatzeko eta fabrikatzeko ahalmena handitzera begira.
Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak % 6,68ko partaidetza du VIVEbiotech enpresaren kapital sozialean (SPRI Taldeko Arrisku Kapitalaren Sozietate Kudeatzailearen EZTEN FCR funtsaren bidez). Helburua da Euskadirentzat estrategikoa den enpresa hori bertan errotu dadin bermatzea eta, aldi berean, haren hazkundea bultzatzea, etorkizuneko proiektu teknologiko eta berritzailea babestearen bidetik.
Mikel Jauregi sailburuak nabarmendu duenez, “VIVEbiotech garrantzi handiko enpresa da Euskadirentzat, Gipuzkoako eta, zehazki, Donostiako bioosasunaren eta biomedikuntzaren industria-poloaren ikurra baita. VIVEbiotech enpresak 10 urte daramatza gure herrialdean medikuntza pertsonalizatura eta doitasuneko medikuntzara bideratutako osasunaren bioteknologian espezializatutako ekosistema sortzeko funtsezko lana egiten Parke Teknologikotik. Horregatik, gaur egun, munduko punta-puntako berrikuntza-poloek, adibidez Bostongoak, Donostiara begiratzen dute bere asmakariak fabrikatzeko garaian”.
“Eusko Jaurlaritzak gure industria bioteknologikoaren aldeko apustua egiten jarraituko du, eta hura hedatzen eta indartzen lagunduko du. Horri begira, parke teknologikoetan lurzoru eta instalazio berriak gaituko ditu, eta giltzarri diren enpresen kapitalean parte hartuko du, SPRI Taldeko Arrisku Kapitalaren Sozietate Kudeatzailearen bidez. Jakitun gara sektore bioteknologikoa eta biosanitarioa etorkizuneko industria-sektorea dela —energia berriztagarriak, kuantika edo makina-erreminta eta fabrikazio aurreratua bezalaxe—, eta horregatik gure laguntza osoa merezi duela. Harro esan dezakegu bioteknologiak erreferente handiak dituela Euskadin, esaterako Gurutz Linazasoro, Parkinson gaixotasunean eta gaixotasun neurodegeneratiboetan espezializatutako neurologoa, VIVEbiotech erakundearen fundatzailea, eta 2021ean Joxe Mari Korta saria jaso zuena, bere ibilbide profesional garrantzitsua eta enpresa honen buru izanik egindako lan nabarmena aitortuz”, aditzera eman du Jauregik.
Bestalde, Unai Andueza diputatuak adierazi duenez, “aurrea hartzeko estrategiari jarraikiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak denbora darama biozientziaren oinarrietan lan egiten, berrikuntza eta teknologia osagai handia duten honelako proiektuak sustatzea baita lehiakortasuna bultzatzeko palanka nagusietako bat. Ziurgabetasuna ezaugarri duen ingurune ekonomiko globalean, kalitatezko enplegua, ongizatea eta aukera berriak sortzen lagunduko duten espezializazio handiko nitxo-estrategien alde egitea funtsezkoa da Gipuzkoa balio erantsi handiko sektoreetan nazioarteko erreferente gisa finka dadin. Izatez, etorkizuneko erronkei posizio sendo batetik aurre egitea ahalbidetuko diguten lehia-abantailak edukitzea garrantzi handikoa da epe luzerako arrakasta eta jasangarritasun ekonomikoa bermatu dadin”.