Jaurlaritzak komunikabideei zuzendutako 7 milioi euroko laguntza programa onartu du

0

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio komunikabideei laguntzeko zazpi milioi euroko programa bati.

Ekimen honen helburua adimen artifizialak edukien sorkuntzan, prestaketan eta argitalpenean duen eragin negatiboa murriztea da eta baita ere, desinformazioari aurre egitea.

Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu du, programa honek bi dirulaguntza-lerro dituela: lehenengoa, 6 milioi eurokoa, Euskal Autonomia Erkidegoko komunikabide pribatu orokorrei zuzendua eta bigarrena, milioi bat eurokoa, tokiko edo eskualdeko edukia zabaltzen duten komunikabide orokorrei zuzendua.

 

Lanbide Heziketan berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak sustatzeko laguntzak

Jaurlaritzak Lanbide Heziketan berrikuntza, ekintzailetza eta enplegagarritasuna sustatzeko laguntza-programa bat onartu du.

Hezkuntza sailak 770.000 eurorekin finantzatuko ditu Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeetako proiektuak.

Bozeramaileak azaldu duenez, programa honek ikasleen enplegagarritasuna hobetzera bideratutako ingurune estrategikoak eta espezializazio-arloak ezartzeko helburuari erantzuten dio.

Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleen enplegagarritasuna %90etik oso gertu dago. “Laguntza hauen bidez lortu nahi da EAEko Lanbide Heziketan prestatutako profesionalek lehiakortasun-abantailak eskaintzen jarraitzea EAEko enpresei, bereziki ETEei eta ikasleen profilek EAEko enpresa- eta industria-sarearen beharrei erantzuten jarraitzea” adierazi du Ubarretxenak.

Dirulaguntzen deialdia itunpeko ikastetxeetako irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzeko erabiliko da, Lanbide Heziketako Euskal Plan berriarekin bat datozen berrikuntza-ekimenak garatu ahal izan ditzaten.

 

Proiektu esperimentalak bazterkeriaren aurkako borrokan

Jaurlaritzak milioi bat euro bideratuko ditu bazterkeriaren aurkako proiektu esperimentalak bultzatzera.

Maria Ubarretxenak jakinarazi duenez, “ekimen honi esker, parte-hartzaileentzat zerbitzuak antolatu eta inklusio-ibilbideak garatu ahal izango dira, gizarteratzea sustatzeko eta laneratzea errazteko neurriak aktibatuz”.

Programa honetan hamar proiektu lagunduko dira, desgaitasun psikikoa edo intelektuala duten pertsonak lan-munduan sartzearekin lotutakoak. Baita, espazio soziokomunitarioak bultzatzearekin lotutakoak edo emakumearen ekintzailetza eta laneratzea babestearekin lotutakoak.

 

24 etxebizitza publiko Oionen

Jaurlaritzak 24 etxebizitza babesturen eraikuntza sustatuko du Oionen. Udalak doan lagako du lurzorua, proiektu hau gauzatu ahal izateko, bi erakundeen artean sinatutako hitzarmenean jasotzen den moduan.

Bozeramaileak azpimarratu du, ekimen hau Eusko Jaurlaritzak etxebizitza-parke publikoa handitzeko hartutako konpromisoaren parte dela eta Arabako Errioxako udalerri honetan etxebizitza eskuragarria izateko eskaerari erantzuten diola.

 

Lanbideren estatutuen onarpena, zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtzeko

Eusko Jaurlaritzak Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtzeko estatutuak onartu ditu.

Ubarretxenak azaldu du, erabaki honekin, Euskal Enplegu Zerbitzuari egitura funtzionala ematen zaiola, bai, enplegu-zerbitzu publiko gisa eta baita ere, prestazio ekonomikoak kudeatzen dituen erakunde gisa.

Bozeramaileak azpimarratu du, “aurrerantzean, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak estatutu-esparru moderno eta funtzionala izango du eta honekin, lan duina izateko eskubidea garatzen, enplegagarritasuna hobetzen eta Euskadiko gizarte- eta lurralde-kohesioa lortzen laguntzeko gaitasuna indartzen da”.

 

7 milioi FEAGA eta FEADER programetarako

Eusko Jaurlaritzak 7 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu lehen sektoreari laguntzeko, FEAGA eta FEADER programen baitan, Europar Batasunarekin batera finantzatuta.

Bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duen moduan, diru hori zehazki, FEAGA programa garatzeko erabiliko da helburu hauek betetzeko: nekazaritza jasangarria bultzatzea, merkatuaren erregulazioa eta, nekazari gazteei laguntzea. Baita ere Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren aplikazioa bermatzeko ere, nekazaritzaren lehiakortasuna hobetzeko eta landa-ekonomia eta -komunitateen lurralde-bultzada orekatua sustatzeko helburuarekin.

 

Zarauzko Udalari lurzoruaren lagapena

Azkenik, Gobernu Kontseiluak Zarautzen kokatutako trenbide-eremu publikoaren bi lur-zati desafektatzea onartu du, udalerriaren esku uzteko.

Maria Ubarretxenak adierazi du, “eragindako azalerak, 1.377 eta 1.375 metro koadrokoak, Bilbo-Donostia linearen inguruan daude, herriko geltoki berriaren parean; ez dira erabiltzen, azpiegitura berria eraikitzeko obren ondoren trenbide-trazadura berregituratu egin delako”.

 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena