Gaur onartu da Gobernu Kontseiluan Lanbide Heziketako VI. Euskal Planarekin bat datozen berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak gauzatzeko dirulaguntzen deialdia.
Hezkuntza Sailak finantzatuko du Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetako proiektuen garapena, 770.000 euroko zenbatekoarekin, ordezko langileak kontratatzeko. Hau da, laguntza-deialdiaren helburua da itunpeko ikastetxeetako irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzea, lehentasunez Lanbide Heziketako Euskal Plan berriarekin bat datozen berrikuntza-ekimenak garatu ahal izan ditzaten.
Hezkuntza Sailak bultzatzen duen irakasleen etengabeko prestakuntzaren testuinguruan, itunpeko sareko ikastetxeei dei egiten die, irakasleen bidez, haien prestakuntza indartuko duten proiektuetan parte har dezaten, gero eta espezializatuagoa den ikaskuntza-ingurunera egokitutako gaitasun eta metodo berriak garatzeko. Laguntza-lerro honen bidez sustatu nahi diren lan-esparru nagusiak honako hauek dira: Lanbide Heziketak enpresei, bereziki ETEei, ematen zaien laguntzan parte har dezan sustatzea; gorabidean dauden sektoreetan lan egitea, giza kapitalaren espezializazioaren eta berrikuntza aplikatuaren bidez; eta ekintzailetza sustatzea.
Beraz, dirulaguntzen deialdi honen helburua da, halaber, lanbide-heziketako ikastetxeetan ingurune estrategikoak eta espezializazio-arloak ezartzea, ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko. Zifra orokorretan, Euskadiko LHko ikasleen enplegagarritasuna % 90 ingurukoa da. Ikasleen profilek euskal enpresa- eta industria-sarearen beharrei erantzuten diete. Helburua da euskal LHn prestatutako profesionalek lehiarako abantailak eskaintzen jarraitzea Euskadiko enpresei, batez ere ETEei.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planarekin lerrokatuta
2025-2026 ikasturterako, Euskadi 2030 ZTBPan (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana) estrategikotzat identifikatutako jarduera-ildoen arabera diseinatu behar dira dirulaguntzari lotutako berrikuntza-proiektuak. Azken urteotan, Tknikak, Lanbide Heziketako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Euskadiko Zentroak, ikastetxeek proposatutako eta aurreko deialdietan diruz lagundutako berrikuntza- eta ekintzailetza-ekimen diseinatuak aztertu eta ebaluatu ditu. Laguntzen deialdi berri honek berekin dakar TKNIKAk zuzenean esku hartzea, ikerketa eta berrikuntza aplikatuaz arduratzen den organo tekniko gisa, eta I+G+B proiektuen emaitzak Euskadin lanbide-heziketa ematen duten zentro guztietara transferitzea.