Pentsiodunek Urkulluri maiatzaren 26ko manifestazioan parte hartzeko eskatu diote

0

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak maiatzaren 26ko manifestazioan parte hartzeko dei egin dio Iñigo Urkullu lehendakariari, eta kritikatu egin dute; izan ere, Urkulluren esanetan, «pentsioen sistema ez dago 1.080 euroko gutxieneko erretiro-pentsioak ezartzeko moduan».

Milaka pentsiodun eta erretiratu bildu dira astelehen honetan berriro Bilboko udaletxearen aurrean pentsio duinen alde. Gaur ere, Mariano Rajoy Espainiako presidenteari kargua uzteko eskatu diote, eta EAJri «bustitzera ausartu dadin eta bere erantzukizuna atzera egin gabe onar dezala» eskatu diote.

Era berean, astelehenero elkarretaratzeak egiten jarraitzearen alde egin dute, maiatzaren 26an EAEko hiriburuetan egingo dituzten manifestazioekin politikariei «zaplazteko ona» emateko.

Mobilizazioekin hasi zirenetik «denak berdin jarraitzen du», salatu, eta «gure eskakizun bat ere ez da bete», gaineratu dute plataformako arduradunek.

Bestalde, Iñigo Urkulluk gaur goizean Radio Euskadin azaldu duenez, «pentsioen sistema gaur egun ez dago 1.080 euroko gutxieneko erretiro-pentsioak ezartzeko moduan». Horren harira, eskakizuna «ez dator bat» gutxieneko soldatarekin, gaineratu du lehendakariak.