Sute handia piztu da igande arratsaldean Lemoako (Bizkaia) okindegi-gozotegi batean, Mendieta industrialdean, eta enpresa horretako bigarren solairua erabat kiskalita geratu da.
Sua 20:45ean piztu da, kartoiak eta bestelako bilgarriak gordetzeko erabili ohi duten bigarren solairuko eremu batean. Ondorioz, ke ugari sortu da, eta Basauriko eta Iurretako Suhiltzaileak bertaratu dira. Garrak arin zabaldu dira, baina berehala hartu dute sua kontrolpean, eta 23:00ak alderako erabat itzaltzea lortu dute.
Une horretan ez zegoen langilerik barruan eta ez da inor zauritu. Ikerketa abiatu dute sua zergatik piztu den argitzeko, baina litekeena da kartoiak biltzen dituzten eremu batean hasi izana. Suteak kalte material handiak eragin ditu bigarren solairuan.