Euskaraldian izena emateko aukera izango dute herritarrek gaurtik aurrera

0

«Euskaraldia: 11 egun euskaraz» ariketa sozialean izena emateko epea ireki dute gaur. Hori dela eta, ekimeneko arduradunek irekiera ekitaldia antolatu dute Iruñeko Zentral aretoan, Urko Aristik eta Edurne Azkaratek aurkeztuta.

Ekitaldia 18.30ean hasiko da, orain arte egindako bideari errepasoa eginez; besteak beste, herrietako batzordeek egindako lana eta erakundeen parte-hartzea nabarmenduko dute. Halaber, euskara sustatzea eta horren erabilerari bultzada ematea helburu duen Euskaraldiko kanta estreinatuko dute, eta bertan entzungo da estreinakoz.

Bukatzeko, izen-ematearen irekiera egingo dute. Hala, bertan egongo diren ordenagailuek horretarako aukera emango dute.

Ekitaldia hasi aurretik, 18:00etan, prentsaurrekoa egingo dute, Zentral antzokian. Bertan izango dira Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaile eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikarako presidenteordea.