Amatasun prestazioei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) egindako atxikipena itzultzea aztertu dute hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak ostegun honetan, Zerga Koordinaziorako Organoan, prestazio horiengatik zergarik ordaindu behar ez dela erabaki baitu Auzitegi Gorenak.
Ondorioz, Bizkaiko Foru Ogasunak hartutako erabakia ofizialki zabaldu du bere webgunean eta amatasun eta aitatasun laguntzaren kontzeptu horrengatik ordaindutakoa itzuli egingo duela jakinarazi du; horretarako, eskaera eredu berezi bat jarriko du prestazio hori jaso duten pertsonen eskura. Era berean, aurrerantzean bizkaitarrei egiten dieten amatasun eta aitatasun prestazioen ordainketetan PFEZaren atxikipenik ez egiteko eskatuko dio Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari.
Bizkaiko Foru Aldundiak aldaketa bat sartuko du PFEZari buruzko Foru Arauan Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak ordaintzen dituen amatasun eta aitatasun prestazioak aipaturiko zerga ordaintzetik salbuetsita daudela zehazteko. Horrela, prestazio horiek administrazio autonomikoek eta tokiko administrazioek ematen dituzten prestazioetara batuko dira, eta azken horiek salbuetsitako errenta gisa zehazten ditu gaur egungo foru aginduak.
Neurri hori PFEZari buruzko Estatuko Legearen inguruan Auzitegi Gorenak eman berri duen epai batek eragindako egoera aztertu ostean hartu da, eta amatasun eta aitatasun prestazio hori jasotzen duten zergadun bizkaitarrei segurtasun juridikoa emateko xedea du. Aldi berean, zergadun bizkaitarren zerga tratamendua kontzeptu horrengatik lurralde erkideko zergadunek jasoko dutenarekin parekatzen du, eta kasu horretan ere ez dute zerga ordaindu behar errenta horrengatik.
Zerga aldaketa hori 2019ko Aurrekontuen Foru Aginduaren Proiektuan sartuko da. Horrela, Batzar Nagusiek proiektu hori onartzen badute, indarrean sartuko da datorren urtarrilaren batean, prestazio horren eta berau jasotzen duten pertsonen etorkizuneko zerga egoera argituz.
Aipaturiko epaiaren inguruan egindako azterketaren arabera, nahiz eta Auzitegi Gorenaren erabakiak ez dion PFEZari buruzko Foru Aginduari eragiten, agindu horretatik eratorritako doktrina aplikatuko da, izan ere, legeak eta foru arauak idazketa berbera baitute. Azken arrazoi horrengatik, Foru Aldundiak kontzeptu horrengatik ordaindutako zenbatekoak itzuliko ditu oraindik irmo egin ez diren errenta-aitorpenetan (normalean, 2014, 2015, 2016 eta 2017ko ekitaldiei dagozkienak).
Itzultzeak eskatzeko, Ogasun Sailak aurki gaituko duen eskaera-eredu bat jarriko du eraginpeko pertsonen eskura. Eskaera aurkeztutakoan, Foru Ogasunak errenta-aitorpen bakoitza birkalkulatuko du zerga-oinarritik prestazioari dagokion zenbatekoa deskontatuz eta eskatzaileari diferentzia itzuliz.
2018ko ekitaldian ordaindutako prestazioen gainean egindako atxikipenei dagokienez, 2019ko maiatzetik eta ekainera bitartean egingo den datorren errenta-kanpainan itzuliko dira.
Era berean, aurrerantzean bizkaitarrei ematen dioten amatasun eta aitatasun prestazioetan PFEZaren konturako atxikipenik ez egiteko eskatuko dio Foru Ogasunak Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari.
Gipuzkoako foru Ogasunak, halaber, salbuetsita utzi ditu amatasun eta aitatasun bajak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, Epaitegi Gorenaren irizpideari jarraiki. Sententzia horrek ez dio Gipuzkoari eragiten, Kontzertu Ekonomikoaren arabera, lurralde historikoek araudi propioa baitute zerga horrii dagokionean. Hala ere, eta zergadunen segurtasun juridikoa salbuestea helburu, foru Ogasunak Gorenaren irizpidea jarraitzea erabaki du, foru araudia Estatuko legediaren oso antzekoa baita puntu honetan.
Neurriak, gainera, oraindik firmeak ez diren aitorpenei eragingo die. Hau da, azken lau urteetan amatasun laguntza jaso duten zergadunei (2014tik aurrera), edota aitatasun laguntza izan dutenei (onarpen datatik aurrera, 2018ko uztaila). Zergadunak berak egin beharko dio itzulketa eskaria Gipuzkoako foru Ogasunari, eta foru erakundeak erraztasun guztiak jarriko ditu prozesua ahalik eta errazena izan dadin (eskari eredu propioa, prozesu sinplifikatua…). Helburua, oztopoak kendu eta itzulketa eskarien bidea erraztea izango da. Bestetik, amatasun eta aitatasun laguntzak direla eta 2018 honetan egindako atxikipenak hurrengo Errenta kanpainan itzuliko dira.Arabako foru Ogasunak ere Auzitegi Gorenak berriki emaniko epaian ezarritako irizpide bera ezartzea erabaki du; hain zuzen ere, Arabak salbuespenak aplikatuko ditu 2013tik aurrerako eraginez. Gainera, ofizioz egingo du; hau da, GSIN Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren informazio zehaztua jaso ondoren, ogasunak eragindako pertsonen errenta aitorpena berriz egingo du (2013tik amatasun bajan egon ziren amak eta 2018tik aitatasun bajan egon ziren aitak –orduantxe aldatu zen Arabako araudia haiek sartzeko–).Aiten atxikipenak itzultzeko erabakia Euskadiri baino ez dio eragiten, ez estatuaren gainerako tokiei, araudi desberdinak baitaude.
Horiek horrela, eragindako gurasoek egin behar duten kudeaketa lan bakarra da inprimaki bat betetzea, laster eskura jarriko dena, eta han, haien helbidea eta banku kontu zenbakia zehaztu beharko dituzte. Hau da, ez diote ezer eskatu behar GSINi atxikipenak jasotzeko, ogasunak berak egingo baitu zuzenean ordainketa.
Halaber, Arabako ogasunak GSINi eskatuko dio ezen, hilabete honetatik aurrera, atxikipenak aplikatzeari uzteko amatasun eta aitatasun bajetan.
Bestalde, Arabako foru Ogasunak oraindik ez du asmorik inolako aldaketarik egiteko araudian.