Apaiz batek Bizkaian adin txikikoei sexu abusuak egin dizkiela salatu dute

0

Bilboko Gotzaitegiak scout taldeekin lanean ari zen abade bat bere zereginetatik kendu du, adin txikiekiko «portaera sexual desegokiak eduki dituelakoan». Barne ikerketa bat egin ostean, ikertutako gertaerak Fiskaltzaren jakinaren gainean utzi ditu.

Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduak eta Bilboko Gotzaitegiak elkarrekin plazaratutako ohar batean jakinarazi dutenez, scout mugimenduak iragan azaroaren 1ean izan zuen abade batek aisialdiko heziketen testuinguruan egindako sexu abusuen berri. Azaroaren 26an scout mugimendua Mario Iceta Bilboko gotzainarekin elkartu zen salaketen berri emateko.

Hurrengo egunean, gotzainaren dekretuz, aldez aurreko ikerketa prozesua abiatu zuen Elizak eta salatutako abadea bere zeregin eta ekintza publiko guztietatik kendu zuen, «beti ere dagokion errugabetasun presuntzioa errespetatuz».

Aldez aurreko ikerketa abenduaren 5ean amaitu zen eta hurrengo egunean Fedearen Dotrinarako Kongregazioaren esku utzi zituen dokumentu guztiak. Abenduaren 7an, ostera, ikertutako gertakariak Fiskaltzaren esku utzi zituen.

Bilboko Gotzaitegiak eta Euskalerriko Euskautak Bizkaia mugimenduak sexu askatasunaren aurkako portaera irmoki oro salatu dute eta, aldi berean, behar den guztietan agintari zibilekin kolaboratzeko prest agertu dira.

Biktimen eta horien familien ondoan egoteko nahia agertzeaz gain, profesionalen sostengua eta laguntza ere eskaini diete.

Bestalde, Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduak bere taldeek zein begiraleek neska-mutilen hazkuntza pertsonal integralean egiten duten lana nabarmendu du. Aldi berean, bere ekintzetan zein gizartean horrelako gertakariak prebenitzeko eta desagerrarazteko lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du.

Salaketen inguruan galdetuta Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduak eitb.eus-i jakinarazi dionez, momentuz eta Bilboko Gotzaitegiarekin zabaldutako oharraz harago ez dute gaiari buruzko bestelako xehetasunik emango.