24 orduko greba dute gaur Bilbobusen eta Bizkaibuseko linea batzuetan

0

24 orduko greba eguna dute gaur Bilbobusen eta Bizkaibus zerbitzuko linea batzuetan (Ezkerraldea Meatzaldea Bus, Pesalur eta Gam Txorierri), eta San Tomas eguna izaki, egun korapilotsua aurreikusten da Bilboko eta Bizkaiko autobus zerbitzuan. ELA sindikatuaren esanetan, grebaren jarraipena % 100ekoa izaten ari da eta «erabateko arrakasta» gisa definitu dute gaurkoa.

Orotara, 2.000 langile daude greba egitera deituta, eta 250.000 erabiltzaile ingururi eragingo die.

Greba deialdiak Ezkerraldean, Enkarterrian, Durangaldean, Arratian, Nerbioi Garaian, Txorierrin dabiltzan autobusei eta aireportura doazenei eragingo die.

Eusko Jaurlaritzak % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. ELA sindikatuaren hitzetan, gutxieneko zerbitzuak normaltasunez betetzen ari dira.

Bilbobuseko eta Bizkaibuseko hiru enpresa horietako langileek hiru manifestazio egingo dituzte goizean zehar. Bilboko kaleetan zehar ibili ostean, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean eta Bilboko udaletxearen atarian amaituko dituzte protestak.