Bilbobuseko langileek lau orduko lanuztea egin dute goizean, eta arratsaldean ere errepikatuko dute. Sindikatuen arabera, erabateko erantzuna izan du goizeko lanuzteak.
Bestalde, hilaren 3, 7, 10, 14 eta 17an ere lanuzteak egingo dituztela iragarri dute eta, urtarrilaren 21ean, akordiorik lortu ezean, mugagabeko greba deitu dute sindikatuek.
Iragan larunbatean Bilbobuseko langileen biltzarrak ezezkoa eman zion CCOO, UGT eta USO sindikatuek enpresarekin lortutako aurreakordioari. Beraz, mantendu egiten dituzte urtarrilaren 2ko eta ondorengo lanuzteak.
Oraingoz ez dira harreman berririk izan sindikatuen eta enpresa zuzendaritzaren artean.
CCOOm UGT eta USO sindikatuek aurreakordioaren alde agertu ziren, baina ELAk eta LABek ezezkoa eman zioten. Abenduaren 20an ere aurreakordioa lortu zuten, baina langileek azkenean atzera bota zuten hori ere.
Bilbobuseko langileek hilabete daramate mobilizazioak eta lanuzteak egiten; horien artean garrantzitsuena, abenduaren 21eko, San Tomas eguneko greba orokorra.