Marihuana plantazio ‘handi’ baten arduraduna atxilotu du Foruzaingoak, Obanosen

0

Marihuana plantazio «handi» bat desegin dute Obanoseko etxebizitza batean, Nafarroan, Foruzaingoak esan duenez. Erantzulea atxilotu dute.

2018an hasi zen ikerketa, herritarren laguntzari esker. Herritarrek Obanoseko etxebizitza batean marihuana hazten hasi zela ohartarazi zioten Udaltzaingoari.

Horregatik, foruzainak ingurua zaintzen hasi ziren, eta etxebizitzan joan-etorri asko zirela egiaztatu zuten. Gainera, marihuana usain sendoa zegoen inguruan.

Poliziek egiaztatu zutenez, etxebizitzara maiz joaten zirenek aurrekari penalak zituzten droga trafikoagatik eta, izan ere, ustezko erantzulea (31 urteko Baztango bizilaguna) 10 kilo marihuana izateagatik atxilotua izan zen lehenago.

Aktibitatea etengabea zela egiaztatu zuten poliziek. Luz zakuak eta beste tresnak ekartzen zituen jendeak, etengabe. Gainera, etxebizitzaren instalazio elektrikoa manipulatuta zegoen, bertako energia kontsumo handia ezkutatzeko.

Behin marihuana plantazio «handia» zela baieztatuta, poliziek ustezko erantzulea atxilotu eta etxebizitza erregistratu zuten.

Barruan, 1.500 landare eta 8 kilogramo kukulu topatu zituzten, banatzeko prest. Gainera, argitasuna, tenperatura eta hezetasuna kontrolatzeko instalazio elektriko konplexua aurkitu zuten etxebizitza barruan.