Hamar ibilgailuk elkar jo dute gaur goizean N-1 errepidean, Andoain parean, eta auto ilara luzeak sortu dira bai N-1 errepidean eta baita A-15 errepidean ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ezbeharra 07:55ean gertatu da Andoainen, Gasteizko noranzkoan. Antza denez, hamar ibilgailuk elkar jo dute.
Istripuaren ondorioz, ezkerreko erreia itxi dute eta zazpi kilometrora arteko ilarak sortu dira Gasteizko noranzkoan,Lasarteraino. Halaber, N-1eko istripuak eragina izan du A-15 errepidean ere eta kasu horretan hiruzpalau kilometroko ilarak sortu dira.
N-1 errepidean, baina Irungo noranzkoan, trafikoa geldoa da eta ilarak lau kilometrorainokoak dira.
Istripuaren tokira bertaratutako osasun langileek hainbat pertsona artatu dituzte eta bi zauritu Donostia Ospitalera eraman dituzte.