54 hektarea erre dira Nafarroan, Almandoz eta Bargotan

0
PRUEBA

54 hektarea erre dira Nafarroan azken orduetan, 41 hektarea Almandoz eta Berroeta artean (27 hektarea baso eta 14 hektarea sasi) eta 13 hektarea Bargotan (sastraka).

Nafarroako Suhiltzaileek goizean lortu dute atzo iluntzean Almandozen piztutako sutea itzaltzea. Foru Gobernuak jakitera eman duenez, N-121-A errepidea, Iruñea eta Behobia lotzen dituena, itxita egon da ia gau osoan sutea izan den parean, zabaldutako kea dela eta.

Mendi baten magalean, errepide ertzean, hasi zen sua larunbat iluntzean. Lehen ikerketen arabera, bizilagun bat garoa erretzen ari zen, eta kontrola galdu zuen. 00:30 aldera errepidea itxi behar izan zuten eta 05:30 inguruan lortu dute guztiz itzaltzea eta berriz ere irekitzea.

Ordu batzuk lehenago, 15:31 aldera, Bargotan beste sute bat izan zen La Inera inguruan. 13 hektarea sasi erre ziren eta 18:50 aldera lortu zuten itzaltzea.

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, egunotarako haize ufadak direla eta, erreketak egitea debekatuta dago, baina debeku hori ez errespetatzeagatik hainbat interbentzio egin behar izan dituzte azken orduetan, Oronozko suhiltzaileek batez ere: Donamarian, Arraoizen, Abartan mendian (Baztan), Ekaitza mendian (Zubieta) eta Iruritan, Izpegiko gainean (Erratzu) eta Beran nahiz Amaiurren.