Claverina hartzak hiru ardi hil ditu Uztarrozen

0

Claverina hartzak Uztarrozeko bi artalderi eraso egin die eta hiru ardi hil ditu. Erronkari bailarako artzain batek atzo aurkitu zuen bere ardietako bat hilda, eta Basozaintzako arduradunekin jarri zen harremanetan. Ingurua arakatu ondoren, berehala aurkitu zituzten Claverinaren aztarnak.

Antza, artzainak aurreko egunetan sumatu zuen hartza inguruan egon zitekeela, ardiek jarrita dituzten geolokalizatzaileei esker.

Iazko urrian, Frantziak Claverina eta Sorita hartzak askatu zituen Bearnon, eta Nafarroako Gobernuak ekintza plan bat jarri zuen martxan, hartz arreek eragin ditzaketen kalteei aurre egiteko; besteak beste, geolokalizatzaileak jarri zizkieten hainbat abereri.

Gaur zabaldutako oharrean, Foru Exekutiboak jakinarazi du bihar bertan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaritzak Uztarrozeko abeltzainarentzat kalte ordainak bideratzeko izapideak abiatuko dituela.