Bost greba egunetatik lehena dute gaur Bizkaiko metalaren sektorean

0
PRUEBA

Bizkaian, metalgintza sektoreko 50.000 langileak greba egitera deituta daude gaur. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bost greba egun deitu dituzte, sektoreko lan hitzarmen berri baten alde. Gaurkoa, lehendabiziko greba eguna izango da, eta gainerako laurak ekainean izango dira: hilaren 6an, 7an, 20an eta 21ean.

Sindikatuen esanetan, gutxienez 250 enpresa baino gehiagoko beharginek egin dute bat deialdiarekin. Azken unean, aste honetan, CNT sindikatuak ere bat egin du borrokarekin eta mobilizazioekin, nahiz eta deitzaileen artean ez izan.

Hitzarmen berriaren negoziazioa ez aurrera ez atzera dagoela salatu dute sindikatuek. Greba deialdia eginagatik, ordea, patronalarekin bilerak egiteko asmoa agertu dute hitzarmena negoziatzen jarraitzeko. 2011koa da Bizkaiko metalgintza sektoreko azken ituna.

Patronalak, bere aldetik, gezurtatu egin du sindikatuek esandakoa.

Bestalde, gaurko greba egunarekin lotuta, manifestazioa deitu dute Bilbon. Jesusen Bihotza plazatik abiatuko dute, 11:30ean.

Gaurko greba egunaren ostean, ekainaren 3an egingo dute lan hitzarmena berritzeko hurrengo bilera. Aurrerapausorik ezean, beste lau greba egun egingo dituzte ekainean.