Txandako bi orduko lanuzteak egingo dituzte Bizkaiko igerileku eta kirol zentroetan

0

Gaur, osteguna, txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak egitera deituta daude Bizkaiko igerilekuetako eta kirol zentroetakolangileak, «lan baldintza duinak eskatzeko». Abisu horia ezarri dute Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean beroagatik, eta, beraz, zerbitzu horien erabiltzaileentzat egun korapilotsua izatea aurreikusten da.

Zehazki, 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era izango dira lanuzteak.

Uztailaren 9an, 10ean eta 13an ere, txandako bi orduko lanuzteak egingo dituzte.

Halaber, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egun osoko greba deituko dute ostiralerako, uztailaren 5erako.

Langileek mobilizazioak egin dituzte aurreko asteetan. Ostegunean, esaterako, egun osoko greba egin zuten, beroaldiak gogorren jo zuen egunetako batean. Grebak «igerilekurik gabe utzi zuen Bizkaia», ELAren hitzetan.

Kirol zentroetako langileen baldintzak hobetzea dute xede sindikatuok. LABeko iturriek eitb.eus-i azaldu diotenez, eskakizunak bi ardatzen inguruan egin dituzte: batetik, lanaldia35 ordura igotzea (eskakizun horrek ez du presarik, eta progresiboki igotzea proposatu dute), eta bestetik, enpleguaren kalitatea hobetuko duten neurriak hartzea: prestakuntzarako eta atsedenerako tartea handitzea, lanpostuak egonkortzea, soldatak egokitzea…

«16 hilabete daramatzagu negoziatzen eta gaur-gaurkoz blokeoa dugu», erantsi dute. LABen esanetan, gaur, grebaren bezperan, dute CEBEKeko ordezkariekin bilera. Azkeneko batzarrean «maximoen proposamen bat» egin zien patronalak, eta ez dute uste hortik mugituko denik. Hala gertatuko balitz, uztailean mobilizazio gehiago egiteko asmoa dute langileek.