Woody Allenen filmaketak Donostiako zirkulazioan eragingo dituen aldaketak

0

Gaur, hilak 10, abiatuko da Woody Allen zinemagile estatubatuarraren filmazioa Donostian. Filmatzeak eragin zuzena izango du hiriburuko zirkulazioan, Boulevard, Alde Zaharra eta Cervantes plazan (Kontxa inguruan) ibiliko baitira ekoizpen eta arte taldeak.

Asteazken honetan izango dira eragozpen gehien: Boulevard Zumardia trafikora erabat itxita egongo da 17:00etatik 20:00etara, Legazpi kalearen paretik. Portuko eta Mari kaleko bizilagunak euren etxeetara sartu ahal izango dira, bertan egongo diren teknikarien argibideak jarraituz.

Horrez gain, egun osoan zehar, Boulevardean geltokia duten autobusek, 13. lineak izan ezik, ezingo dute pasealekuan geldialdirik egin, ezta aparkatu ere ez. Autobus horiek inguruko kaleetara eramango dituzte. Dbus-en webgunean dago informazio guztia.

Udaletxetik gertu dagoen taxi geltokia ere itxita egongo da. Bestalde, aparkalekuak ez du eraginik jasango, eta sarrera-irteerak bermatuta egongo dira.

Larrialdi zerbitzuei une oro bermatuko zaie pasabidea.