Jaurlaritzak 200 milioi banatuko ditu hiru unibertsitateen artean, 2022ra arte

0
PRUEBA

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak programa-kontratuak sinatu ditu asteazken honetan Euskal Unibertsitate Sistemako hiru unibertsitateekin: UPV-EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea. Guztira, 200 milioi euro bideratuko ditu datozen lau urteetan (2019-2022), orain baino 16 milioi euro gehiago, 120 ekintza baino gehiago garatzeko.

Gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitzan sinatu dute akordioa Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Nekane Balluerka UPV-EHUko errektoreak, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak.

Sailburuaren esanetan, programa kontratuaren bitartez unibertsitateen funtzionamendua eta kudeaketa-egiturak hobetzea da helburua, hots, egituran eta kudeaketan egindako aldaketen bitartez, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek esparru jakin batzuetan aurrera egin dezaten lortzea.

Programa-kontratuetan dauden ekintza guztiak garatzeko 200 milioi eurotik gorako aurrekontua hitzeman du Eusko Jaurlaritzak unibertsitateekin, aurreko kontratu programan baino 16 milioi euro gehiago. Guztira, 49.134.873 euro bideratuko ditu 2019an, 49.733.521 euro, 2020an; 50.209.709 euro, 2021ean, eta 51.008.083 euro, 2022an.

Zehazki, UPV-EHUk 34.401.235 euro jasoko ditu 2019an, 34.788.035 euro 2020an, 34.977.524 euro 2021ean eta 35.191.029 eurto 2022an; guztira, beraz, 139.357.823 euro jasoko ditu. Halaber, Deustuko Unibertsitateak 7.909.065 euro jasoko ditu aurten, 8.021.279 euro 2020an, 8.173.143 euro 2021ean eta 8.482.945 euro 2022an; 32.586.432 euro jasoko ditu guztira. Azkenik, Mondragon Unibertsitateak 6.824.573 euro jasoko ditu 2019an, 6.924.207 euro 2020an, 7.059.042 euro 2021ean eta 7.334.109 euro 2022an; guztira, 28.141.931 euro jasoko ditu.

2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Plana bost garapen-ardatzen arabera planteatzen da, eta ardatz horiek funtsezkoak dira, EUS sendotzeko zereginean eta bikaintasunean aurrera egiteko. Garapen-ardatz bakoitzak aurretiaz adostutako ekintza batzuk aipatzen ditu, eta ekintza horiek dira gaur sinatutako dokumentuak jasotzen dituenak. Eusko Jaurlaritzaren laguntza, Hezkuntza sailaren bitartez, Programa-Kontratu eskemaren bitartez gauzatzen da.