Familia Medikuntzarako eta Pediatriarako 215 postuko eskaintza deituko du Osakidetzak

0

Osasun Sistemaren Lehen Arreta indartzeko asmoz, Osakidetzak 215 postuko Lan Eskaintza Publikoa deituko du.

Iragarpena Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak egin du gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Sailburuaren hitzetan, bihar bertan aurkeztuko dute proposamena LEParen Jarraipen Batzordean (Satse, Medikuen Sindikatua eta UGT sindikatuek osatutakoa). Bileran lan eskaintza publikoaren eredu berria martxan jartzeko neurriak eta eskaintzaren datak zehazten saiatuko dira.

Aurreikuspenen arabera, azterketak 2020ko lehen seihilekoan egingo dituzte, eta asmoa da lanpostua lortzen dutenek datorren urtean bertan hastea jardunean. Maiatzean beste 46 lanpostu iragarri zituen Osakidetzak Familia Medikuntzan eta Erizaintzan.

Murgak aurreratu duenez, LEP horren ostetik beste kategoria batzuetan ere deituko dituzte eskaintzak, besteak beste, Erizaintzan.