Pertsona bat atxilotu dute Bilbon bi ibilgailutan lapurreta egiteagatik

0

Larunbat arratsaldean 34 urteko gizon bat atxilotu zuten Ertzaintzako agenteek bi kotxetan lapurreta egitea leporatuta.

Arratsaldeko seiak baino lehentxeago, gizonezko bat Abando inguruko kale batean aparkatuta zegoen ibilgailu batean lapurtzen ari zela ohartarazi zioten Ertzaintzari. Herritarrak babesteko lanetan ari zen patruila batek lekuan bertan berretsi zuenez, autoak hautsita zuen aurreko ate baten leihoko kristala, eta barruan bi maleta zeuden, irekita eta nahasita. Leihoaren ondoan, odol-arrastoak zeuden, eta kapotaren gainean, berriz, pieza metaliko bat. Hainbat oinezkok emandako informazioarekin, ertzainek ustezko egilea aurkitu zuten inguruetan, edukiontzi baten barruan. Ustezko egileak ez zuen dokumentaziorik, eta poltsa bat zeraman. Poltsaren barruan, emakume-zorro bat eta hainbat arropa eta oinetako zeuden, besteak beste. Gainera, arroparen artean, 38 euro zituen, hainbat txanpon desberdinetan, baita ibilgailuaren gainean zegoenaren antzekoa zen pieza metaliko bat ere. Ustez, ibilgailuaren gainekoa kristala puskatzeko erabili zen. Ebidentzia horien aurrean, atxilotu egin zuten, indarrez egindako lapurreta-delitu bat leporatuta.

Geroago, ertzain-etxean zehaztu ahal izan zenez, atxilotuari aurkitu zizkioten zorroa eta gauzak Trenbideko Etorbidean aparkatuta zegoen beste ibilgailu batean lapurtu zituzten, eta kasu horretan ere, autoaren ate baten leihoko kristala hautsi zuten. Gauza horiek guztiak benetako jabeari itzuli zaizkio dagoeneko. Dirudienez, inplikatuari atzemandako diruaren zati bat Abandoko autokoa zen.

Atxilotuari bi gertakariak leporatu zaizkio, eta Epaitegian aurkeztu dute gaur goizean, igandea, polizia-eginbideak amaitu ondoren.