Bi atxilotu Amurrion okindegi batean lapurreta egiteagatik

0

Igande goizaldean 18 eta 19 urtekobi gazte atxilotu zituzten Amurrioko okindegi batean lapurreta egitea leporatuta.

Goizaldeko lauak baino zertxobait lehenago, Ertzaintzaren herritarren babeserako patruila bati jakitera eman zioten zarata handia entzun zela Amurrioko okindegi batean.

Agenteak berehala hurbildu ziren esandako lekura, eta, okindegira sartzeko ate bateko kristala hautsita zegoela egiaztatu ostean, bi gazte aurkitu zituzten biltegian ezkutatuta, eta identifikatu egin zituzten.

Ertzainek kutxa erregistratzailea irekita eta hainbat txanpon lurrean aurkitu zituzten, eta motxila batean txanpon mordoxka eta bihurkin bat ere aurkitu zituztenez, bi gazteak atxilotu egin zituzten lapurreta-delitua leporatuta.

Dagokion salaketaren bidez jakin ahal izan denez, bi gazteek okindegira sartzeko atearen kristala eta heldulekua hautsi zituzten, inprimagailua bere lekutik atera zuten eta hainbat diru lapurtu zuten billetetan eta txanponetan. Diru gehiena loteriakoa zen.

Bi atxilotuek polizia-aurrekariak dituzte, eta gaur eraman dituzte Amurrioko Guardiako Epaitegiko epailearen aurrera.