Urola Kostako Udal Elkarteak eta Topaguneak euskararen aldeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute

0

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak euskararen normalizazioa sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute eta honen berri emateko Lourdes Salsamendi, Kike Amonarriz eta dinamizazioan ariko diren hiru gazteak agerraldia egin dute.

Hain zuzen ere, bi erakundeen arteko hitzarmenak ahalbidetu du eskualdeko hiru gazteen kontratazioa (15 hilabete).  2019an hasi eta 2020ko abenduan gorpuztuko den euskaraldiaren 2. edizioari begira lotu da bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena.

Hitzarmenaren muina da euskararen normalizazio bidean urrats bat gehiago ematea. Horretarako, lankidetza ezinbestekotzat jo dute bi lehendakariek. “Lankidetzaren bidez lortuko dugu egiazki jauzi kualitatiboak ematea euskararen normalizazioan”, azpimarratu du Amonarrizek. Lankidetzari buruz hitz egitean, maila ezberdinetako elkarlanari buruz ari direla argitu nahi izan dute. “Euskaraldiko helburuekin bat etorriz, erakundeak, herritarrak, enpresak eta elkarteak bildu eta, elkarlanean, helburu beraren alde lanean aritzea da azken helburua”, adierazi dute.

Zentzu horretan, herri bakoitzean sortzen ari diren edota sortuta dauden batzordeen garrantzia nabarmendu dute. “Sinisten dugu euskararen normalizaziorako prozesuak erakundeen babesa beharrezkoa duela, baina aurrera begira, benetako urratsak eman nahi baditugu, ezinbestekoa dena, benetan, herritarren aktibazioa da”, gaineratu du Amonarrizek. Modu berean, herrietan sortzen diren batzorde horiek egonkortzea desiragarritzat jo du (gogora ekarri dute Zumaian, Larraina Euskara Elkartearen sendotze eta trinkotze prozesua).

Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko lehendakariak, berriz, azaldu du Udal Elkartearen zein Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aiako Udalen egiteko zuzena, hitzarmenerako baliabide ekonomikoak eskaintzeaz haratago, herriko eragile ezberdinekin batera sortutako herri batzordeetan parte aktiboa izatea izango dela.

Edozein kasutan, adierazi du batzordeek beraien jardunerako beharrezkoak dituzten baliabide eta tresna guztiak eskura jarriko dizkietela. “Euskaraldiak, oro har, euskararen erabilera sustatzea du helburu, eta pausoz-pausoz, euskara esparru gehiagotara zabaltzen joatea. Helburu horrekin bat egiten dugu guztiz, eta hori da, hain zuzen ere, Topagunearekin hitzarmen hau sinatzera eraman gaituena”, gaineratu du Salsamendik.