Belaunaldiz-belaunaldiko etxebizitza erakusketa interaktiboa inauguratu da

0

Joan den ostiral goizean Belaunaldiz-belaunaldiko etxebizitza erakusketa interaktiboa inauguratu zen Donostian, MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bigarren edizioa dela eta.

Herritarrek gaur egungo etxebizitza-ereduari buruz gogoeta egin dezaten lortzea da erakusketaren helburu nagusia; hots, gaur egungo etxebizitzak XXI. mendeko bizimodu eta premia berrietara ondo egokitzen diren hausnartzea. Horretarako, erakusketak jolas bat proposatzen die ikusleei, etxebizitza konbentzionalaren hesiak bota ditzaten eta pertsonok eta familiok, askotarikoak den-denok, behar dugun etxebizitza-eredua babestu dezagun. Erakusketa Donostiako Zuloaga plazan dago ikusgai, propio eraikitako zurezko eraikin baten barruan, eta urriaren 27ra arte egongo da zabalik.

Erakusketaren inauguraziora joandako guztiei ongietorria egin die Eneko Goia Donostiako alkateak. Donostiako Udaleko ordezkarien esanetan, “erakusketa honek aukera paregabea ematen du gaur egungo etxebizitzen inguruko eztabaida publikoa elikatzeko: gaur egungo etxebizitzak gai al dira, eta zenbateraino, pertsonek bizitzan zehar dituzten premiei aurre egiteko? Horixe da galdera. Gainera, etxebizitzen diseinuari dagokionez zer-nolako aldaketak egin beharko genituzkeen aztertzeko aukera ere ematen digu erakusketak, eta etxebizitzen eboluzio ezinbestekoan beharrezkoak diren mekanismoak esploratzekoa ere bai».

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren arabera, “gizartea etengabe aldatzen da, eta etxebizitzek ere malgutasunez egokitu behar dute haietan bizi diren pertsonen bizimodu-eredu eta harreman-mota berrietara. Botere publikoei dagokigu oinarrizko printzipio hori bermatzea, eta hain zuzen ere, Jaurlaritza horretantxe ari da, buru-belarri: Bizigarritasunari eta Etxebizitzen Diseinu Arauei buruzko Dekretua prestatzen”.

Azkenik, arkitekturak ate-joka zer-nolako erronka larriak dituen esplikatu du Juana Otxoa-Errartek, eta hori dela eta, etxebizitzen eta hirien eraldaketan arkitektura zein garrantzi handikoa den gogorarazi du: «Familiak, bizimoduak, premia berriak… Dena aldatzen da urteen joanean, eta gai izan behar dugu etxebizitzak bertan bizi diren pertsonen premietara egokitzeko».