Bizkaiko Foru Aldundiak Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du

0

Azaroaren 1etik apirilaren 30era bitartean 2019-2020 Neguko Bidezaintza Plana aktibatuta egongo da Bizkaian. Helburua izotzak eta elurrak foru errepide sarean eragin ditzaketen gorabeherei ongi erantzutea da.

Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak azaldu duenez, aurreko urteetan baino baliabide gehiago jarri dituzte kanpaina honetan: 399 profesional eta elurra kentzeko 82 makina, eta, horiez gain, esku hartzeko hiru ibilgailu arin ere bai. Halaber, Santo Domingoko gainean 100 tona gatz har ditzakeen silo berri bat jarri dute. Horrela, Aldundiak 9.825 tona gatz ditu biltegiratuta 21 silotan eta hamar pilatze-gunetan, lurralde historiko osoan zehar banaturik. Errepideen egoerari buruzko informazioa etengabe eguneratuta izateko, foru errepideen sareko puntu adierazgarrietan kokaturik dauden sei estazio meteorologikok informazioa bidali dute trafikoa kudeatzeko zentroetara, giro-tenperaturari edo asfaltoaren tenperaturari buruz, besteak beste.

Pradalesek Bizkaiko udal guztiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzearen garrantzia azpimarratu du, eguraldiak errepide sarean eragin ditzakeen ezbeharrei aurre egiteko, eta trafikoa kudeatzeko zentroetatik langile guztiak koordinatzeko egiten den lana nabarmendu du. Aldundiak, bere baliabide propioak aktibatzeaz gain, errepide-erabiltzaileei erantzukizuna hartzeko deia egiten die, eta gomendatzen die bidearen egoerari eta eguraldiari buruz informatuta egotea, eta, egoera txarretan gidatzen hasi behar badute, kontu handiz ibiltzea.