Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Proiektua onartu da

0

Pertsonak eta enplegua lehenesten dituen 8.477,3 milioi euroko aurrekontua onartu du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Aurreko ekitaldietan bezala, gastu-ahalmen handiena duen saila Gizarte Ekintza izango da, eta horretara bideratuko da sailen artean erabilgarri dagoenaren % 44. 2019ko aurrekontuan baino 27 milioi euro gehiago izango ditu arlo horrek, 564,9 milioi euroraino iritsiz. Zenbatekoei dagokienez, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako  Sailera (198,1 milioi euro) eta Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailera (139,1 milioi) bideratutako zenbatekoak nabarmentzen dira. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak 60,2 milioi izango ditu, eta horien artean, Enplegu Planera bideratuko dira 2,5 milioi.

2020an gastu- eta inbertsio-ahalmen handiena Zerga Itunduen bilketan aurreikusitako % 3,25eko hazkundean oinarritzen da batez ere,  8.207 milioi eurotik gorakoa izango baita. 8.477,3 milioiko sarrera guztiak beste diru sarrera batzuekin eta zorpetzearekin osatzen dira, eta zor hori datorren urtean %2,8 murriztuko da.

2020rako aurreikusitako diru-sarreren gehikuntzak, beraz, Foru Aldundiak xedatu duena baino aurrekontu altuagoa dakar, baita gainerako erakundeen gastu- eta inbertsio-ahalmen handiagoa ere; diru-sarreren zatirik handiena (6.795,8 milioi) beste administrazio batzuek eskaintzen dituzten zerbitzuak finantzatzeko konpromisoak betetzeko erabiliko da, hala nola Estatuari dagokion Kupoa, Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenak eta Bizkaiko udalen finantzaketa, eta azken bi kasuetan aurten egindakoekin alderatuta, ordainketak handitu egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren kasuan 161,7 milioi euro igo dira ekarpenak, eta 33,1 milioi udalenak.