UPV/EHUko Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astea martxan da!

0

Atzo hasi zen PV/EHUko Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen hemeretzigarren edizioa.

Bost egunez jarduera ludiko eta pedagogikoz beteriko egitaraua eskainiko du, publiko guztiei zuzendua. Jarduera horien guztien xedea da euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea, eta zientzia entzuteko, dastatzeko, behatzeko, usaintzeko, ukitzeko eta zientziarekiko ilusioa izateko gonbita egitea. Zientzia Astea Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Barakaldon egingo da.

Edizio honetarako, Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du, doako 200 jarduera baino gehiagorekin.  Bertaratzen direnek aukera izango dute askotariko jardueretan parte hartzeko: txoko zientifikoak, tailerrak, irteerak, erakusketak, bisita gidatuak, lehiaketak eta abar. Horrez gain, zientzia, musika eta umorea uztartzen dituzten Zientzia Clubeko bakarrizketez gozatzeko aukera izango dute. Aurten, gainera, “Jakinduriek mundue erreko dau” izeneko BertsoZientzia emanaldia ere izango dugu, zientzia eta bertsolaritza bateratzen dituena.

Jarduera guztiak doakoak dira, eta tailerretarako, txangoetarako eta bisita gidatuetarako baino ez da beharrezkoa izena ematea. Jarduera asko beteta badaude ere, oraindik badaude plaza libreak beste batzuetan. Izen-ematea doakoa da, eta hemen aurki daiteke izena emateko moduari buruzko informazio guztia eta egitarau osoa: www.zientzia-astea.eus.

Halaber, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak bisita antolatuak eskaintzen ditu Bigarren Hezkuntzako ikastetxeentzat. Ekimen horren arrakasta itzela izan da; hain zuzen, hiru egun baino gutxiagotan agortu dira txanda guztiak. Horrenbestez, azaroaren 6tik aurrera, Euskadi osoko milaka ikasle baino gehiago gerturatuko dira Zientzia Astearen egoitzetara, eta, bertan, matematikaren, arkeologiaren, astronomiaren edo genetikaren txokoak ezagutuko dituzte, besteak beste. Publiko orokorra ere gertura daiteke txokoetara, irekita egongo baitira Zientzia Asteak irauten duen bitartean.