Ertzaintzak jakinarazi duenez, azaroan hiru salaketa jaso dira Bilbon iruzur modu beragatik.
Dirudienez, iruzurgileek premiazko ordainketa bat egiteko eskatzen diete dendei edo enpresei salgai bat entregatzeko aitzakiarekin, eta entrega azkenean ez da egiten. 2019an antzeko lau salaketa jarri dira Bilbon, eta guztira hamaika Euskal Autonomia Erkidegoan.
Kasu guztietan iruzurgileek telefonoa erabiltzen dute denda edo enpresa bati premiazko ordainketa bat eskatzeko. Atzerriko aurrezenbakia duen telefono batetik deitzen dute eta familiarteko baten edo enpresako gestore baten datu errealak erabiltzen dituzte biktimari konfiantza emateko.
Iruzurgileek adierazten dute pakete-banatzaileak direla eta laster joango direla enpresara entrega bat egitera, baina aurretik premiaz diru-kopuru bat ordaintzeko eskatzen dute. Telefono bidezko elkarrizketan, iruzurgileak biktimari iruzur egiten saiatzen dira eta datu errealak konpondu behar duten ustezko premiazko arazo batekin nahasten dituzte. Arazoak isun bat ordaintzea edo eurek edo familiarteko batek izan duten istripu bat izaten dira, eta arriskuan daudela eta ez dutela dirurik esaten dute. Helburua solaskidea nahastea da, eta ?arazoa areagotu ez dadin? laguntza eta diru-kopuru bat ordaintzeko eskatzen dute ustezko entrega egin aurretik. Bestalde, biktimari adierazten diote aurreratutako diru hori itzuliko diola banaketako furgonetarekin iristear dagoen pertsonak.
Hurrengo urratsean, iruzurgileek lokutorio batera joateko eta nazioarteko ordainketa egiteko eskatzen diote pertsonari. Biktimari sinetsarazi ondoren ordainketa egin behar duela, beti eskatzen zaio Jaliscoko estatura (Mexikora), kasu askotan Guadalajara hirira, bidaltzeko, eta gehienetan emakume baten izenean. Diru-sartzearen ordainagiriaren argazkia whatsapp bidez bidaltzeko eskatzen dute, eta dirua, beraz, bidalketa-kodearekin kobra dezakete.
Gomendioak:
Ertzaintzak ohartarazten du ez fidatzeko enpresa batek edo partikular batek zenbaki ezezagun batetik telefono-dei bat jasotzen badu, batez ere atzerriko aurrezenbakia badu.
Iruzur honetan premiazko ordainketa bat egitea eskatzen dute enpresara edo dendara iristear dagoen salgai bat entregatu aurretik. Nazioarteko bidalketa-enpresa baten bidez dirua Mexikora bidaltzea eskatzen dute. Erne ibili, iruzur honetan bidalketa Jaliscoko estatura egitea eskatzen baitute.