Edukiontziak irekitzeko bigarren txartela jasoko dute Urola Kostako etxebizitzetan

0

Urola Kostako esukaldeko etxebizitza guztietara errefusaren eta organikoaren edukiontziak ireki ahal izateko bigarren txartela banatuko da gutun bidez datozen egunetan.

Bigarren txartel hau ere, lehendabizikoa bezalaxe, etxebizitzari dagokio, eta soilik irekiko ditu norberaren etxebizitzari dagozkion bilketa puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Txartela galdu edota hondatuz gero, berri bat eskuratu ahalko da udaletxean edo Udal Elkartean.

Iazko martxoan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian hondakinak biltzeko zerbitzu berria ezarri zenetik, Udal Elkarteak etengabe dihardu  hondakinak biltzeko zerbitzua hobetzeko lanetan. Beti ere, gutxieneko helburuez haratago, sailkatuta ahalik eta hondakin gehien jasotzeko xedez. 2019. urtean zehar hainbat neurri hartu dira bilketa zerbitzua doitu eta hobetzeko; ahal den heinean, herritarrei ahalik eta erraztasun gehiago eskaintzeko borondatearekin. Testuinguru horretan erabaki da, herritarren iritzi eta iradokizunak kontuan hartuta,  eskualdeko etxebizitza guztietara bigarren txartela banatzea.

Zalantzarik gabe, sistema ezarriz geroztik bilakaera positiboa izan da eta hasiera-hasieratik erakutsi dute herritarrek jarrera ezin hobea. Udal Elkartetik dei egin nahi zaie herritar guztiei arduraz eta ingurumenekiko begirunez jarrai dezaten. Udal Elkarteak lanean jarraituko du, etengabeko hobekuntzaren bidetik, %75eko bilketa maila erreferentzia gisa hartuta.