Indarkeria matxistaren aurkako kanpaina berria jarri da abian Bizkaian

0

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan, Bizkaiko Foru Aldundiak indarkeria matxistaren aurkako kanpaina bat abiarazi du.

Kanpaina horren bidez gizonek emakumeekiko duten jarreran eta jokabidean eragin nahi du.

«Tipo apartak nahi ditugu» leloa du kanpainak, errespetatzen, baloratzen eta babesten duten gizonak direlako, partekatzen eta aintzatesten dutenak eta, aldi berean, kontrolatzen ez dutenak, umiliatzen, iraintzen, erasotzen eta hiltzen ez dutenak

Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak,  kanpaina aurkeztu du gaur jendaurrean, eta bertan izan dira Bizkaiko emakumeen kirolaren munduko erreferenteak, hala nola Juana Molina (Lointek Gernika, saskibaloia), Ainhoa Zurinaga (Lutxana Arraun Taldea, arrauna), Anne Erauskin (Zuazo, eskubaloia), Ainhoa Tirapu (Athletic Club, futbola) eta Ixa Rodríguez (boxeoa).

Laespadak azaldu duenez, «Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunean oinarritutako gizarte baten bizi gara, adierazpen ugari dituen desberdintasun baten»; horien aurrean, emakumeek «ahotsa altxatu» dute, «eraso berri bakoitza, hilketa berri bakoitza, azkena izan dadin».

«Bada garaia tipo apartak, gizon onak agertu eta aurrera pauso bat emateko. Errespetatzen, baloratzen eta babesten dutenak, partekatzen eta aintzatesten duten gizonak. Eta, noski, kontrolatzen ez duten gizonak, umiliatzen ez dutenak, iraintzen ez dutenak, erasotzen ez dutenak eta hiltzen ez dutenak «, gaineratu du.

Ildo horretatik, zehaztu duenez, «Tipo apartak» dira «berdintasuna babesten dutenak, indarkeria matxistaren aurka daudenak maila guztietan, heroi erromantikoak ez direnak baina ezta sexu-harrapariak ere, berdintasunezko afektibitatea eta sexualitatea garatzen dutenak, inguruko pertsonak zaintzen dituztenak, etxeko eta familiako esparruan parte hartzen dutenak, zainduak izan behar dutela eta merezi dutela onartzen dutenak, zaurgarriak direla onartzen dutenak, samurtasuna eman eta jasotzeko gai direnak, beren pribilegio matxistei uko egiten dietenak, ospe eta botere guneak partekatzen dituztenak berdintasun baldintzetan, eta tipo apartak direnak azaroaren 25ean eta urteko gainerako egunetan.