Tabakalerako Sortzaileen Guneak 2020ko nazioarteko egonaldien deialdia zabaldu du

0

Artistei babesa eman asmoz, Tabakalerako Sortzaileen Guneak nazioarteko egonaldien deialdia zabaldu du beste urte batez.

Deialdia 2019ko azaroaren 15etik 2020ko urtarrilaren 23ra izango da zabalik eta hiru modalitate izango ditu.

Tabakalerak bere egonaldi-programaren 2020ko edizioan parte-hartzeko deialdia ireki berri du. Programa honen bidez, Tabakalerak proiektu artistikoen garapena babestea du xede. Gainera, tokiko sare artistikoa indartzea eta komunitate artistikoen arteko trukea

sustatzea bilatzen du.

Urtarrilaren 23ra arte irekita izango du deialdi honek eskakizunak bidaltzeko epea, eta epe hori bukatu ondoren, guztira lau proposamen artistiko hautatuko dira. Hautatutako proiektuen egileek lau eta zortzi aste bitarteko egonaldiak egin ahal izango dituzte, baina 12 astera arte luzatuko da lehen modalitatearen kasuan -Proiektu artistikoak-. Proposamenak 2020ko iraila eta abendua bitartean gauzatuko dira.

Egonaldi guztiak Tabakalerak Donostian dituen instalazioetan egingo dira, horretarako behar den espazio, testuinguru eta denbora ahalbidetuko delarik. Aukeratutako proiektuak martxoaren 23an emango dira ezagutzera.